Aste honetan ‘Think Europa: 2030 Konpromisoa’ izeneko nazioarteko Biltzarraren 2. edizioa ospatzen da Sorian.
Bertan, Garapen Iraunkorraren 2030 Agendari eta Hiri Agenda Berriari buruz hausnartu eta eztabaidatuko da.
Legazpiko Udalak Europako Bikaintasun zigilua eskuratu du oraintsu eta horregatik jaso du nazioarteko biltzar horretan parte hartzeko gonbita. Legazpik bere esperientzia partekatuko du biltzarrean elkartuko direnekin.
Alkateak hiri ertainetako Gobernu Irekiari, gardentasunari, kontu emateari eta parte hartzeari buruz egingo den mahai inguruan hartuko du parte honako kideekin batera: Bernd Vohringer (Alemaniako Sindelfinger herriko alkatea), Raul Olivan Cortes (Aragoiko Gobernuko herritarren parte hartzearen Zuzendari Nagusia), Peter Varga (Europako eskualdeko gizarte zibilaren koordinatzailea), Nagore de los Rios (Data Driven Communication), Mohamed Saadieh (Libanoko Deirnbouh hiriko alkatea), Gisela Barbosa (Portugaleko Valongoko Udala) eta Esther Clavero Mira (Murtziako Molina de Segura herriko alkatea).
Mahai inguruan gobernu irekia gobernatzeko eredu berria ote den eta tokiko administrazioen diseinu berrian erronka izan daitekeen eztabaidatuko da.
Esparru horretan kontu edo galdera desberdinak planteatuko dira, hala nola: nola izan daiteke gobernu irekia 2030 Agenda eta garapen iraunkorreko helburuak lortzeko tresna edo instrumentu politiko egokia?
edo, nola artikula daitezke administrazio askoren eta eragile askoren ekimen desberdinak hirietan kudeaketa gardenago, eraginkorrago eta inklusiboagoa lortzeko?