Ekainaren 7an izango da, 19:00etan, Euskal Herria plazan, eta 12 urtetik gorako neska-mutilek parte hartu ahal izango dute
Urtero bezala, datorren ostegunean, ekainak 7, 19:00etan, Oilar Jokoa egingo da Euskal Herria plazan; eta bertan, 12 urtetik gorako neska-mutilek parte hartu ahal izango dute. Aurten, deialdi berezia egin dute udaletik, urtetik urtera parte-hartzeak behera egin duelako eta mende luzeetako tradizioak jarraituko badu, ezinbestekoa delako jendeak parte hartzea. Parte hartu nahi dutenek hitzordura azaldu besterik ez dute egin beharko, eta txandaka-txandaka jokoan parte hartzeko aukera izango dute.
Joko hau dugu, hain zuzen, garai bateko Korpus Zortzigarreneko jai giro eta egitarautik oraindik ere egiten den bakarra. Jokoaren nondik norakoa ilun samarra dugu. Batzuek diotenez, “antzara jokoa” bezalaxe, gure hau ere Europatik ekarri eta gure herrietan XVIII. mendean zabaldu zen. Beste batzuek, aldiz, joko hauek aurretik ere izan zirela baieztatzen dute. Dena den, XVIII. eta XIX. mendeetan hain hedatua zen oilar jokoa dagoeneko desagertu da herriko plazetatik, eta Legazpi dugu ohitura hori oraindik mantentzen duen herri bakarretakoa.
20 euro irabazlearentzat
Garai batean, oilarraren parera iristea lortzen zuen parte-hartzaileak ezpatarekin lepoa moztu behar zion animaliari, eta oilarra bera eramango zuen etxera, sari gisa. Gaur egun, ordea, ez da horrelakorik egiten. Oilarraren parera iritsi eta ezpatarekin oilarra barruan izango duen biribil bat egin behar du. Hori egiteko gai denak 20 €-ko billetea eramango du saritzat. Alabaina, bada aspaldiko garaietatik eutsi zaion ezaugarri bat: txistulariek "Tranka-tranka" doinua jo izan dute beti, baita gaur egun ere. Joko honetan baino ez dute jotzen txistulariek doinu hori.