Arriurdin elkartearen eskutik iritsiko da emanaldia Legazpira eta egun berean Brinkolako antzerkilariei omenaldia egingo zaie.
Antzerki emanaldirako sarrerak 10€ baliko du, eta aretoko lehiatilan eskuratu ahal izango dira, emanaldia baino ordu erdi lehenagotik.
Antzerkiaren testuingurua
Antzerki honek Primo de Riveraren diktadura egon zeneko garaietatik Gerra Zibilaren hasierara eramaten gaitu (1923-1937). Gipuzkoako Goierriko herri batean dago kokatuta eta orduko bi familien bizimodua azaltzen da.
Garai haietan Goierri inguruan nekazaritzatik bizi ziren pertsona gehienak, nahiz eta industria ere sortzen eta garatzen hasita zegoen. Horregatik bi familia horiek bizi zuten giroa islatzen da gehien bat antzerkian (zein zen beraien ogibidea, belaunaldi desberdinetako pertsonek osatzen zituzten familien bizimodua, bizirauteko zituzten arazoak, ohiturak, auzolanaren indarra, elizak eta apaizek beraien bizitzan zuten eragina eta abar).
Eskubide guztiak ukatzen zituen Primo de Riveraren diktadura bortitz batetik Bigarren Errepublikaren esperantza eta ilusiora pasatu zen gizartea, baina azkenik dena 1936ko altxamendu faxistarekin amaitu zen. Antzerkian, aldaketa horiek euskal gizartean izan zuten unean-uneko eragina azaltzen da.
Eta testuinguru orokor honen barruan, zera ere antzezten da antzerkian: Bigarren Errepublika aldarrikatu zen egun berean, Jose Antonio Agirrek, beste alkate bizkaitar batzuekin batera, egin zuen Euskal Errepublikaren aldarrikapenak Euskal Herriko hainbat udaletan (Gipuzkoako Goierriko herrietan barne) eta herritarrengan izan zuen eragina. Aldarrikapen horrek izan zuen atxikimendu zabala, sortu zuen ilusioa eta esperantza, Espainiako behin-behineko gobernuaren eskutik jasan zituen gaitzespena, eta abar.
Antzerkiaren helburuak
Antzerkiaren prestaketa GURE ESKU DAGO dinamikak bereziki eskatuta abiatu zen.
Antzerkiak bi helburu nagusi ditu:
Alde batetik, garai horretako historia ezagutarazi nahi zaio ikusleari, eta jendeak zuen bizimodua, etxeko eta auzoko harremanak, lanbideak, euskara eta euskal kulturaren egoera, irakaskuntzaren egoera, elizak instituzio gisa gizartearengan zuen eragina, elizgizon edo apaizen balorazio desberdina egoera sozial eta politikoari buruz, industrializazioaren gorakada, errepresioaren eragina, herritarrek zituzten kezkak eta abar antzezten dira.
Bestetik, orduko egoera ezagutzeaz gain, Espainian Bigarren Errepublika aldarrikatu zenean, Euskal Herriko udalerri askotan Euskal Errepublika eta autodeterminazioa aldarrikatu egin zirela jakinaraztea da. Behetik goraka sortu zen mugimendu indartsu hura (udal batzuen eraginez abiatuta) gaur egunerako ere adibide argi bat izan daitekeela azaldu nahi da antzezpenaren bidez, jende xehearen nahietatik abiatuz, indarrak bilduz, desberdinen arteko partaidetza bultzatuz, Euskal Herria gauzatzeko bidean pausoak emateko.
Antzerkiko protagonistak
Herri-antzerki bat denez, protagonistak herritarrak dira. Seguran dagoen antzerki talde afizionatu bateko kideek bultzatu dugu antzerki hau egitea.
Antzerkian parte hartzen dutenak 15 pertsona dira. Horien artean 3 haurrak dira eta beste 12ak oso adin desberdinetako pertsonak. Azken hauek badute esperientzia aktore gisa beste antzerki-lan batzuetan.
Antzerkiaren gidoilaria eta zuzendaria
Antzerkia Lourdes Imazek idatzi du eta berak zuzentzen du obra. Bere esperientzian du orain dela urte pare bat idatzi eta zuzendu zuen ”Ez dira aspaldiko kontuak” antzerkia. Antzerkia hau 2014ko abenduaren 13an estreinatu zen Segurako frontoian, arrakasta handiarekin, eta gero Goierriko herri gehienetan eta Donostiako Victoria Eugenia antzokian antzeztu zen.
Antzerkiko musika
Musikak ere erabateko laguntza eskaintzen du antzezlanaren eszena desberdinei lotura jarraikor bat emateko.Karlos Gimenez, goierritar musikari ospetsuak, konposatu du antzezlan honetarako musika.
Garai hartan kokatzen laguntzeko bideo emanalditxoak daude eta antzezlanaren eszenen tartean proiektatzen dira, eta hauek ere garrantzi handia hartzen dute antzerkian.
Orain arteko emanaldiak
Obra hau 2017ko maiatzaren 13an estreinatu zen Segurako Baratzen pilotalekuan. Beraz orain dela urte bete. Urtean zehar 14 emanaldi eskaini dira herri eta lurralde desberdinetan (Segura, Idiazabal, Tolosa, Zarautz, Elizondo, Hernani, Getxo, Oiartzun, Lizarra, Gernika, Ordizia, Ataun, Elorrio eta Zaldibia). Legazpikoa izango da 15garrena. Beraz nahiko arrakasta izan du eta izaten jarraitzen du.