eremu honek zamalanetarako bi leku ditu, eserlekudun bi toki eta eskenatoki bat, harmaila eta guzti
Udalak jakinarazten du Kale Nagusia oinezkoentzat egiteko lanen 2. fasea amaitu dela oraindik ere lantxo batzuk falta diren arren, hala nola, GI-2630 errepidean semaforo botoidun bat ipintzea eta adokinetan ageri diren datetan herrian gertatu ziren gertakari historikoen berri ematen duen informazio-panela jartzea. Lanen aurrekontua 580.000 eurotakoa izan da, eta horietatik 123.000 Gipuzkoako Urak-i dagozkie. Lehiaketara hiru enpresa aurkeztu ziren, eta Sasoi eraikuntzak S.L. enpresari esleitu zitzaizkion lanak 476.737 euroren truke. Lanak abuztu erdialdera hasi ziren eta azken hilabeteetako eguraldi eskasaren erruz atzerapen handia izan dute. Lanek iraun duten bitartean, bertako bizilagun eta merkatariek arreta puntu bat nahiz telefono bat izan dituzte eskura behar zituzten galderak egin ahal izateko.
Kale Nagusia oinezkoentzat bihurtzeko lanen bigarren fase honen proiektua Zebralak arkitekto-estudioak egin zuen 14.515,20 eurotan, BEZ gabe, eta orain arteko diseinuari eta ohiko hiri-altzariei eutsi diote. Amaitu berri den eremu horrek zamalanetarako bi leku ditu, eserlekudun bi toki eta, kalearen amaiera modura, GI-2630 errepidearekin bat egiten duen inguruan eskenatoki bat, harmaila eta guzti, corten altzairuz egina. Mugikortasun urriko pertsonentzat egokitutako espazio bat dauka harmailak, Urola Garaiko gutxitu fisikoen Eiluz elkarteak eta Agenda 21 Foroan zenbait bizilagunek hala eskatuta. Legazpi izena ere ageri du, argiztatuta. Gogoratu beharra dago harmaila herritarrek eurek aukeratu zutela parte-hartze prozesu baten bidez.
Bide batez, edateko uraren hoditeria berritu dute eta, batia, euri-uren eta ur-beltzen goi eta behe saneamenduak ere. Gainera, telekomunikazio eta elektrizitate azpiegiturak lurperatu egin dituzte. Lokal eta atari guztietako irisgarritasuna hobetzeko ahalegin handia egin den arren, ezinezkoa izan da atari guztien irisgarritasuna bermatzea eraikinak altuera desberdinetan baitaude.
Bizilagun eta merkatariei eskerrak eman nahi dizkiegu izan duten pazientziagatik eta, lanek iraun duten bitartean.