Ezkio, Gabiria, Itsaso, Legazpi, Ormaiztegi, Urretxu eta Zumarragako udalak, Goimen Landa Garapen Elkartearekin batera, udalerri hauetako landa lurren lanketa komun bat gauzatzen ari gara. Bidean, Gipuzkoako Foru Aldundia dugu lagun.
2016an abiatu genuen elkarlana, “Goierri Garaiko Landa Lurren Diagnostikoa” lanarekin, eta bertan du orain aurkeztera gatozenak jatorria. Orduko lana teknikoagoa izan zen, bulego-lana; oraingoan, lan hori landa-lanarekin eta zuon, tokikoon, ezagutzarekin osatzera gatoz.
Lurren inguruko hausnarketari ekitea da asmoa. Azken urteetako joerak jarraituz gero, urte gutxiren buruan beraien ahalmen eta aukeren azpitik erabiliko diren lurren kopuru esanguratsua izatea aurreikusten da, eta horrek erantzun bat eman beharreko eszenatoki batean jarriko gaitu.
Agertoki horri aurrea hartzeko, egungo lurren egoeraren berri izatea ezinbestekoa da. Badakigu diagnostiko teknikoak zer dion, baina zer gertatzen da “terrenoan”? Zein dinamikei erantzuten diete lurrok? Zein da lurrak lantzen dituztenen egoera? Zein lurjabeena?
Denak, ahots guztiak entzun nahi ditugu, denak ulertu, etorkizuneko erabakietan denen ahotsak presente izateko. Lehen sektoreko aktibitatea beherantz doa, baserriak hutsik gelditzen. Lurren erabilera-intentsitatea jaisten doa, batzuetan desagertzeraino. Halako kasurik ba al dago gure herrietan? Tokiko administrazioek fokua jarri nahi dugu gai horretan, eta soluzioak bilatzen lagundu. Eraiki dezagun denon artean zer eta nola izatea nahi dugun gurean.
Lurra gure euskarria da, eta mendeetan zehar funtzio sozial nabarmena bete du: bere izaera emankorrari lotuta, estetikari, kultura adierazpide izateari …