Martxoaren 30ean Otxandiotik irten eta apirilaren 9an iritsiko da Iruñera. Legazpira apirilaren 8an, datorren asteko larunbatean iritsiko da.
1980an antolatu zen lehen KORRIKA, bi urtetik behin egiten da eta aurtengoa 20. edizioa da. Euskararen aldeko kontzientzia suspertzea eta euskaltegien eguneroko lana indartzeko dirua biltzea ditu helburu.
Legazpira datorren apirilaren 8an, larunbatean iritsiko da goizeko 10:30ak inguru. Zeraindik etorriko da eta beraz, Motxorroko bidegurutzean hartuko du Legazpik lekukoa. Herrira iristean Aizkorri kalean sartuko da, Kale Nagusia zeharkatuko du, Urola kalera iritsi eta industrialdeko errotondatik gora hartuko du Olaondo zeharkaletik Santikutz kalera iristeko; ondoren eskuinera hartuz Laubide auzora abiatuko da eta oinezkoen kalea igaro ondoren ezkerrera jo eta Laubideko eskolaurretik eskuinera joko du; San Ignazio zeharkatuz Juanastegi kalea hartu, Aiztonaga kalea igaro eta Gaztetxetik behera Aizkorri kalean eskuinera hartuta Udanarantz joango da, Udanako gainean lekukoa Oñatikoei pasatzeko.
Legazpiko Udalak KORRIKA guztietan hartzen du parte kilometro bat hartuz. Aurten Udalak egin behar duen ibilbidea Aizkorri kaleko autobus geltokian hasiko da eta Kale Nagusira arte iritsiko da. Kaleko Tabernarien elkarteak (KATE) emango dio lekukoa Udalari eta Udalak Gure Esku Dago taldeari pasatuko dio.
Aurten asko izan dira parte hartuko duten eta Legazpiko kilometroak korrika egingo dituzten herriko talde eta elkarteak. Momentuz, hauexek izan dira parte hartzea egiaztatu dutenak: Legazpiko Udala, CIE, Bellota, GKN, ULMA, EH Bildu Legazpi, Irabazi Ganar Legazpi, Hiru sindikatua, Ilinti merkatarien elkartea, suhiltzaileak, Legazpiko Gazte Asanblada, Sorgintxulo, Olazabal Institutua, Domingo Agirre, Haztegi ikastola, Olariak, Zingi-Zango euskara elkartea, la Salle eskubaloi taldea, Lekanazpi elkartea, Legazpiko Gazteak, Gure Esku Dago, Sustraiak dantza-taldea, Korosti dantza taldea, Goiz Deia txistulariak, Doinua Musika Eskola eta Musika Banda. Baina oraindik aukera dago ekimenarekin bat egiteko eta baliteke talde gehiagok batzea aipatu dugun zerrenda luze horretara.
Lerro hauetatik legazpiar guztiak animatu nahi ditugu apirilaren 8an kalera irten eta elkarrekin euskararen alde korrika egitera.