Gaur, arratsaldeko 19:00etan, 2017ko Olaria saria erabakitzeko Epaimahaiaren lehenengo bilera egingo da.
Guztira, 18 izan dira 2017ko Olaria saria jasotzeko proposatu diren hautagaiak. Hona hemen zerrenda:
Legazpiko Memoria historikoa berreskuratzeko Batzordea, Burdinola, Felix Ibargutxi, Jose Antonio Azpiazu, Jon Odriozola, Musika Banda, Santikutz Abesbatza, Rondalla Alaitasuna, La Salle Eskubaloia, Mesedatakoaren Lagundia, Floren Gutierrez, Haztegi Ikastolako Jaiotza boluntario taldea, Sorgintxulo Aisialdi taldea, Sociedad Deportiva Ilintxa, Haztegi Ikastola, Jose M.Urzelai, Patxi Otaegi eta Eva Ripa.
Edizio honetako Epaimahaia honakoek osatzen dute: Alkatea, Udal Korporazioko alderdi politiko bakoitzeko kide bat, iaz saria eskuratu zuen Cesareo de la Presa herritarra eta herriko hiru elkarte hauetako ordezkariak: Nekazari elkartea, Katagorri eta Erraldoien konpartsa.
Gaurko bileran saria jasotzeko proposatu diren hautagaiak aurkeztuko dira eta hautaketa egiteko modua azalduko da.
Datorren astean berriro elkartuko da Epaimahaia eta aukeraketari ekingo dio. Lehenengo bozketa batean boto-kopuru gehien jaso dituzten bi finalistak aukeratuko dira eta bigarren bozketan horietatik saria nork eramango duen erabakiko da. Boto-berdinketa emanez gero, Alkatearen kalitateko botoarekin hartuko da erabakia edo saria “ex aequo” ematea erabakiko da, hau da, sari partekatua izatea.
Alkatea da Epaimahaiburua eta ebazpen-proposamena egingo du. Proposamen hori martxoaren 22an egingo den Bozeramaileen Batzordean aztertuko da eta, ondoren, martxoaren 29an egingo den Osoko Bilkuran hartuko da erabakia.
Urtero legez, maiatzaren 3ko Ezpata-dantza ekitaldian emango da Olaria saria.