Irailaren 23ra arte eman ahal izango da izena, eta LHko 5. eta 6. eta DBHko 1. eta 2. mailako neska-mutilek parte hartu ahal izango dute
Legazpiko Sorgintxulo Aisialdi Taldeak, Udaleko Gazteria, Euskara eta Hezkuntza sailek eskatuta, hamaika ekintza gauzatzen ditu herrian urtean zehar. Iraileko azken larunbatean, esaterako, Trikornio txapelketa egingo du; hau da, saskibaloi, eskubaloi eta futbol txapelketa. LHko 5. eta 6. eta DBHko 1. eta 2. mailako ikasleentzat apropos prestatutako txapelketa da, eta irailaren 26an, goizeko 9:30ean hasiko da, Domingo Agirre ikastetxeko pilotalekuan. Arratsaldean, 16:00etan, berriro elkartuko dira, eta ondoren, askaria izango dute.
Ekintzaren helburu nagusia, zehazki, euskaraz hitz egitea eta hainbat kiroletan aritzea da.
Datorren asteazkenera arte, hau da irailaren 23ra bitartean eman ahal izango da izena, herriko hiru ikastetxeetako idazkaritzetan, hau da, Domingo Agirre ikastetxean, Haztegi ikastolan eta Olazabal Institutuan. Parte hartzeko, ezinbestekoa izango da gutxienez 7 pertsonak eta gehienez 10ek osatutako taldea izatea.
Esan bezala, Sorgintxulok burututako ekintza hau Haur eta gaztetxoen aisialdian euskararen erabilera bultzatzeko programaren baitakoa da, Udaleko Gazteria, Euskara eta Hezkuntza sailek antolatzen dutena. Txapelketa hau azken lau urtetan antolatu da eta oso arrakasta handia du.
Esaterako iaz 77 lagunek parte hartu zuten (18 neska eta 59 mutil) eta 8 talde osatu ziren: 1 neskena eta 7 mutilena.
Urtea amaitu bitartean, beste hainbat ekintza egingo dituzte: Antzar Joku Erraldoia; Txuri Urdinera egingo dute irteera; eta amaitzeko, abenduan txangoa Lakiolara.