Gipuzkoako Artzain Egunak 25. urteurrena beteko du aurten. Urteurrenari oihartzuna ematearren eta aire berriak bilatu nahian, Gipuzkoako Artzain Eguneko batzorde antolatzaileak egun berezi hori iragartzeko kartel lehiaketa antolatu du, eta Mattin Osinalde legazpiarra izan da garailea, 'Ardi ile paisaia' izeneko lanari esker. Osinaldek 500 €-ko saria jasoko du; gainera, bere irudia agertuko da Artzain Eguneko liburuxkaren azalean.
Lehiaketara 28 kartel aurkeztu zituzten. Artzain Eguneko Batzordeak ez zuen espero parte-hartzea hain handia izaterik; horregatik, galbahea pasa, eta horietatik 8 aukeratu zituen, bai eta Gipuzkoako Artzain Egunaren webgunean ikusgai jarri ere. Era horretan, herritarrei aukera emango zieten 8 kartel horietatik gustukoena aukeratzeko, eta horixe izango zen sariduna.
Alabaina, bozketa epea ireki eta gutxira, antolatzaileek irregulartasunak sumatu zituzten prozesuan, eta bozketa modu hori baztertzea erabaki zuen udalak. Horrenbestez, Gipuzkoako Artzain Eguneko batzordeak berak aukeratu du kartel irabazlea.
Udaletik barkamena eskatu dute prozeduran unean uneko aldaketak egin izanagatik eta horrek parte-hartzaileei zein zentzuz jokatu duten bozkatzaileei eragindako eragozpenengatik, baina une oro asmo onez eta lehiaketaren hobe beharrez jardun dutela adierazi dute. Nola hasierako 8 kartelak, hala Osinalderen kartel irabazlea kontsentsu osoz hautatuak izan direla zehaztu dute, eta irabazlea zoriondu dute.
Hasieran aukeratutako 8 kartelak (tartean, kartel irabazlea) ikusgai daude oraindik Gipuzkoako Artzain Egunaren webgunean (http://www.gipuzkoakoartzaineguna.eus/kartel-lehiaketa).