pulse aquí para ir al facebook del Ayuntamiento de Legazpi pulse aquí para ir al twitter del Ayuntamiento de Legazpi pulse aquí para ir a Youtube del Ayuntamiento de Legazpi pulse aquí para ir al flickr del Ayuntamiento de Legazpi pulse aquí para ir al instagram del Ayuntamiento de Legazpi

Uztail amaieran martxan San Ignaziora igoko den 2.igogailua
15
Uzt
2015

Uztail amaieran martxan San Ignaziora igoko den 2.igogailua

Gaztetxeko obra ere amaituta dago eta Guriditegi zein Laubide 13koa aurki amaituko dituzte

Udalerrian irisgarritasuna bermatzeko hamaika eraberritze lan egiten ditu udalak herriko kale zein auzoetan. San Ignazio auzora igoko den bigarren igogailua da azkenaldian martxan dagoen obretako bat. Berez, ez da udalaren ardura zuzeneko obra, Agirre-Etxeberri eremuaren garapenaren baitakoa baizik. 
 
Ekain erdialderako martxan egotea zegoen aurreikusita, baina hainbat arrazoi direla tarteko, epea atzeratuz joan da. Oraintsu, igogailua hornituko duen enpresak igogailuaren ateak oker bidali ditu, eta horren ondorioz, uztailaren bukaerara arte ezingo da igogailua martxan jarri. Udalak emango du horren berri, hala dagokionean.
 
Zuzenean udalaren ardurakoa ez den beste obra bat Azpikoetxeko sarreran egin dena da; zehazki, Zubialde eremuaren baitan. Obra egin zenean jarri zen materiala ez zen behar bezala itsatsi, eta enpresa bera arduratu da moldaketa egiteaz. Oinezkoak eta kotxeak elkarbanatzen duten espazio bat da, eta horregatik, itxura berria eman zaio. 
 
Legazpiko hiru enpresa lanean
Bestalde, aurki amaituko dituzte Guriditegiko eta Laubide 13ko obrak. Guriditegin, Lurkide Hondalanak SL enpresa aritu da auzoa urbanizatzeko lanetan, 96.964,89 €-ko esleipenarekin. Lanak amaitutakoan, azken ukituak baino ez dira faltako: Telefónicak eta Iberdrolak nork bere sareak moldatzea, alegia. 
 
Laubide 13n, berriz, erremateak falta zaizkio Urrate Berri Eraikuntzak SL enpresari. Lanek 19.002,52 €-ko esleipena dute. Eta eremu hori erabat irisgarri egiteko, Laubide 13 aurreko eskailerak egokitzea faltako litzateke. Materiala noiz iritsiko zain daude, eta aurreikusten dutenez, hil honen bukaerarako egin ahal izango dute. 
 
Gaztetxean, azkenik, fatxadak konpondu dituzte, oso egoera kaxkarrean zeudelako. Obra horiek Aterki Isola SL enpresak egin ditu, eta dagoeneko amaituta daude. Horretarako, 23.958,00 € esleitu dira. Dena den, leihoak aldatzea falta da, eta lan hori ere uda honetan egitea daukate aurreikusita.
 
Aipatutako hiru lanetarako, beraz, Legazpiko enpresak kontratatu ditu udalak.
 
Amaitzeko, udalak jakinarazi nahi du datorren astean hasiko direla Kale Nagusiko BBVAko espaloiari dagozkion lanekin.
 

Albiste guztiak