Datorren ostiralean, hilak 17, Aztiriko jaiak hasiko dira, eta igandera bitarte hamaika ekintza eta ikuskizun izango dira auzoan. Jaiak direla tarteko, Legazpiko Udalak Junetorri autobusaren zerbitzu berezia eskainiko du larunbatean zein igandean.
Zehazki, arratsaldez ibiliko da autobusa, eta 3 itzuli egingo ditu bi egun horietan. Hain zuzen, 17:30ean, 19:00etan eta 20:30ean aterako da Urtatzatik. Itzulerarako, berriz, 18:15ean, 19:45ean eta 21:15ean, Aztirin bertan hartuta. Autobusak ohiko ibilbidea egingo du. Junetorriren zerbitzu bereziei buruzko ohar guztiak www.junetorri.com helbidean daude ikusgai, eta nabarmentzekoa da abuztuan autobusak ez duela zerbitzurik eskainiko.
Ekintza ugariko jaiak
Aztiri Bat eta Gazteak elkarteek Legazpiko zein Gabiriako udalen laguntzarekin antolatutako jai hauetan, askotariko ekintzak izango dira. Ostiralean, 18:00etan, botako dute txupinazoa, eta hortik aurrera, bola eta toka lehiaketa, auzo afaria eta Elustondo anai-arreben erromeria izango dira.
Larunbatean, besteak beste, Meza Nagusia, helduen eta gazteen arteko IX. Futbol Partida, ohiko patata tortilla lehiaketa, erromeria Gari eta Iñaki trikitilariekin eta txerri harrapaketa.
Igandean, azkenik, mendi lasterketa, Meza Nagusia, auzoko helduenari omenaldia, dantza saioa eta herri kirol erakustaldia, beste hainbat ekintzaren artean.
Jai egitarau osoa ikusteko sakatu hemen.