Legazpiko Sorgintxulo Aisia Elkarteak, udaleko Gazteria, Euskara eta Hezkuntza sailekin batera, hamaika ekintza gauzatzen ditu urtean zehar herriko haur eta gazteentzat. Eta udako kanpaldia izan ohi da ekintza izarra.
Aurten, datorren ostegunetik (uztailak 16) hilaren 29ra egingo dute kanpaldia, Burgosko Hortiguela herrian. 12 eta 16 urte bitarteko 52 legazpiarrek eman dute izena udalekuetara joateko. Horiekin batera Legazpiko 22 begirale joango dira. Horietako batzuk astelehenean bertan, hilak 13, gazteak iristerako kanpamendua prest izateko; hala nola sukaldea, jangela, komunak, dendak...
Gazteak oso gustura joaten dira, eta normalean, behin joaten dena itzuli egiten da. Izan ere, udalekuetan, gazteek elkarbizitza zer den ikasten dute, eta hainbat eta hainbat ekintza gauzatzeko aukera izaten dute; besteak beste, egun bereziak ospatzen dituzte (zikinaren eguna, uraren eguna...), irteerak egiten dituzte, eta baita hainbat gau-bela ere. Sorpresak ere izaten dira!