Legazpiko Udalak eta Ilinti Merkatari Elkarteak sustatuta, Dendak Aktibatu egitasmoa jarri zen martxan iaz. Egitasmo horri esker, udalerriko hainbat saltokik euren produktuak ikusgai jartzeko aukera izan dute ohikoa ez duten eremu batean hutsik zeuden erakusleihoetan; erakusleihoen jabeek, berriz, euren lokalak saldu edo alokatzekoa.
Dagoeneko egin dira egitasmoaren aurreneko bi faseak, eta lokal bat alokatzea ere lortu da. Datozen lau hilabeteetan iraungo duen hirugarren fase honetan ere Kale Nagusia eta Laubide izango dira ardatz nagusiak.
Ilintik dagoeneko egin du zozketa interesa duten guztien artean, eta erabakita dago zer bost saltokik apainduko dituzten hutsik dauden bost erakusleihoak.
Korosti Aholkularitza Etxeak Zuk Eskuzen lokala erabiliko du, Koro Paternainek lehen Urkiola zen dendakoa, Zuzenek Laubideko erakusleihoa (Maiatza tabernaren alboan, lehen okindegia zena), Idoia Oinetakoak saltokiak Dena 100era dendako erakusleihoetako bat (Kale Nagusira ematen duena) eta Kailasek Dena 100era dendako erdiko erakusleihoa.
Artzain Eguneko kartelak ere erakusleihoan
Dena 100era dendako hirugarren erakusleihoan, berriz, Artzain Egunak aurten beteko duen 25. urteurrena dela-eta antolatutako kartel lehiaketako aurretiaz hautatutako 8 kartel jarri dituzte, jendeak aurrez aurre ikus ditzan. Bestela, Gipuzkoako Artzain Egunaren webgunean (http://www.gipuzkoakoartzaineguna.eus/kartel-lehiaketa) ikusi ahal izango dituzte.