ILUNA hitza genuen abenduko esaera osatzeko falta zen hitza. Jakina da abendua dugula argi gutxien duen hilabetea. Hain zuzen ere, Santa Luzia eguna da, ustez, urteko egunik laburrena. Egunak egun eta eguraldiak eguraldi, argitu orduko ilundu egiten du garaiotan. Baina, natura jakintsua izaki, urtaroek ere zikloa hasi eta bukatu egiten dute eta, jakin badakigu, negu goibelaren ostean udaberria etorriko dela.
Hori da, hain zuzen, Ibon Sotil Zabalo bertsolariak adierazi duena bertso luze baten amaieran:
Mendi larretan izotza dago,
leiho ertzetan lurruna,
Santa Lutzitik Santamastara
laburtuz doa jarduna.
Neguak bota digu gainera
bere manta beltz astuna.
Egunez egun jasan dezagun
abenduaren iluna.
Ohartzerako iritsiko da
udaberriko eguna.
Bertsogintzari buruzko azalpenetan kanpoko doinuak hartzeaz hitz egin du bertsolariak, berak kantatutako doinua adibidetzat jarriz eta ederki lotu ditu hamarreko handia eta Bob Dylanen Blowin’ In The Wind doinua. Bertsolariak dioenez, ez da gaurko kontua kanpoko doinuak hartzea bertsotarako. Eta beste bertso ezagun eta doinu famatu baten arteko uztartzea ekarri digu gogora: Bilintxen Behin batian Loiolan zortziko txikia eta Egan musika taldeak iparramerikar kantu ezagun baten doinuarekin egindako moldaketa. Gaur egun, gero eta ohikoagoa da bertso musikatuetan eta txapelketetan kanpotik hartutako doinuak entzutea.