Abenduaren 24an bi Gabon erronda aurrera eraman ziren Legazpin, giro bikainarekin: goizean ikastetxeen erronda, eta arratsaldean berriz, Erronda herrikoia.
Ikastetxeen erronda hasi aurretik, Olentzero, Mari Domingi, udal ordezkariak, LH5. eta 6. mailakoak eta herritarrak ere, Goiz Deia txistulariekin eta Doinua Musika eskolako txistulariekin batera, Santikutz egoitzara gerturatu ziren; ondoren, 11:00etan Laubidetik abiatu eta Euskal Herria Plazan amaitu zuten.
Arratsaldeko 17:30etan berriz, Lekanazpi elkarteak sustatuta, Erronda Herrikoiak martxa hartu zuen Goierri tabernatik abiatuta, Olentzero, Mari Domingi eta herritarrekin batera. Arratsaldeko 19.30etan Gernika enparantzan amaitu zuten.