Legazpiko Udalak San Martineko txabolen inguruan dagoen arazoa konpontzeko konpromisoa hartu zuen. Bizikidetzaren, osasungarritasunaren eta segurtasunaren arazoari irtenbide bat emateko, helburua txabola horiek guztiak eraistea eta herritar guztiek gozatzeko eta erabiltzeko espazio ireki bat lortzea da, parte-hartze prozesu baten bidez definituko dena. Hala, gaur goizean lehenengo txabola eraitsi dute, lurzoru publikoan kokatuta zegoena.
"San Martineko txabolen gatazka konpontzeko konpromisoa hartu genuen, eta horietako bat lursail publikoan egonda, harekin hasi dugu eraisteko prozesua. Lursail guztien jabeak identifikatzeko izapideak egiten ari gara, hauek publiko egin eta gainerako txabolak bota ahal izateko. Lehenbailehen egitea espero dugu", esan zuen Eric Galvez Legazpiko alkateak. "Hau da lehenengo urratsa".