“Nire Legazpi” erremintaren aurkezpena aurrera eraman zen atzo herriko Kultur Etxean, bertan Amaia Aizpurua, merkataritza zinegotzia; Rafa Martin, Ilintiko lehendakaria; Lander Alberdi, Dendartean Elkartea; eta Xabi del Rey, Folky Tools enpresako kideak parte hartu zutelarik. Martxan jarri berri den erreminta honen bidez herriko merkatariek herritarrei zuzenago heltzeko aukera dute eta gainera Legazpi aitzindaria izango da honetan, proiektu hau Urola Garaiako beste herrietan eta Gipuzkoa osoan zehar ezartzea delarik.
“Orain eskatzen den digitalizazioan murgildu nahi izan gara. Proiektua aurkeztu ziguten eta oso interesgarria iruditu zitzaigun. Horrela, Ilintiko junta kideen artean zabaldu genuen eta hasiera batean Ilintiko merkatariek frogatu egin dugu. Oso interesgarria da”, azaldu zuen Rafa Martin, Ilintiko lehendakariak.
Baina proiektu hau, Ilintik sustatua eta Udalaren laguntzaz abiatu bada ere, herriko merkatari GUZTIEI zabalduta dago. Parte hartu nahi duten merkatari orok dute erabiltzeko aukera beraien eskaintzak eta produktuak publikatuz. Horretarako herriak duen MERKATARITZA bulego teknikora besterik ez dira gerturatu behar informazioa jasotzeko , Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko. korreoan edo 722 41 45 01 telefonora deitu- Pili.
Abantailak
“Nire Legazpi” martxan da dagoeneko eta bertan merkatarien eskaintzak topatzen ditugu, erraminta hau herriko produktuen erakusleiho bihurtuz. Flash eskaintzak, ekitaldiak… argitaratu daitezke modu erraz batean, eta herritarrentzat ere oso erraza da eskaintza horiek eskuratzea.
Azpimarratzekoa da erreminta hau ez dela aplikazio bat, beraz ez du deskargarik eskatzen. Esteka honetan https://www.nire-legazpi.eus/ edo QR batez baliatuz bisitatu daiteke.
“Orain lehenengo fase batean murgildu gara, honetan herriko merkatari guztiak protagonistak direlarik. Aurrerago eta erremintak ematen dizkigun baliabideak aprobetxatuz, herriko elkarte eta eragile desberdinei ere zabalduko zaie honetan parte hartzeko aukera”, azaldu zuen Amaia Aizpurua zinegotziak.
Bezeroei iristeko beste modu bat eskaintzen digu “Nire Legazpi”-k eta orain Gabonak gertu ditugula, momentu bikaina da erreminta hau erabiltzen hasteko.
Animatu!