Gizakiaren portaeraz hitz egiten digu esaerak; zenbaitetan, irizpide argirik eduki ez eta, gizakiak giza-taldeak egiten duenari jarraitzeko joera du, artaldeari jarraitzeko joera esango luke baten batek. Beste batzuetan, aukera kontzienteagoa izan liteke eta pertsona hona edo hara arrimatu liteke hala komeni zaiolako. Ez da gure lana horien gaineko juiziorik egitea. Esaerak urte asko daramatza gure artean eta, esaera gehienek bezala, gizartearen eta giza-jokabideen berri eman besterik ez du egiten eta guk halaxe jaso dugu.
Axier Iriondo bertsolariak ere esaera zaharraren esanahiari erreparatu nahi izan dio eta txatxu samarra iruditu izan zaiola esan du kantuan. Gaztelaniazko “¿Dónde va Vicente? Donde va la gente” ekarri du gogora eta hura ere xelebre samarra izanik, biak lotu ditu umore puntu batez.
Esaera bat izan daiteke
ulermenerako antzu.
Gaurkoa sarri entzun izan dut
ez sentitu gabe txatxu.
Eguzkia norantza,
zapiek hara dantza
egiten dute indartsu,
Bixente eta jendearekin
gertatzen den bezalatsu.
Bertsoei buruzko azalpena ere eman du Iriondok, oraingoan doinu zaharren erabileraz. Esan duenez, ohikoa da gaur egun bertso doinu zaharrak erabiltzea, nahiz eta ohitura berrietara egokitzeko aldaketa txikiak egin. Iparragirre abila dela doinua, Iriondok erabilitakoa hain zuzen, sarri erabili izan ohi da bertsotan, baina erriman aldaketa batzuk eginda. Bertsoan ikusten den bezala, erdiko errimak besteetatik desberdinak dira (antzu, txatxu, norantza, dantza, indartsu, bezalatsu), bertso gehienetan gertatzen ez den bezala.