Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Adinberrik nahi gabeko bakardadeei aurrea hartzeko eta aurre egiteko erabiltzen duten estrategia da Hariak. Atzo goizean ekitaldi bat egin zen Legazpiko Kultur Etxean. Bertan, Adinberriko Ainhoa Becerrak eta EMUN enpresako Ainhoa Elicesek eta Amaia Rodriguezek hartu zuten parte eta Hariak proiektuaren zeregina, jatorria eta etorkizuna azaldu zituzten. Ekitaldi horretara Urola Garaia Mankomunitateko gizarte-arloko hainbat eragile ere joan ziren.
Azaldutakoaren arabera, elkarrizketatutako pertsonen % 5.5ek sentitzen du bakarrik daudela (bakardade nabarmena), baina datu hori % 30era igotzen da proba estandarizatuekin eta propietate psikometrikoekin ebaluatzen denean elkarrizketatuen bakardadea, Matia Fundazioaren azterlanen arabera.
Hala, Hariak estrategiaren parte-hartzearen helburuak dira:
- Bakarrik bizi nahi dugun ala ez aukeratzeko baliabideak eskaintzea.
- Nahi ez den bakardadea prebenitzeko proiektuak bultzatzea.
- Belaunaldien arteko harremanak sustatzea
Eta hori guztia,
- zahartze-prozesu osasungarriak ezartzeko
- Gipuzkoako Lurralde Historikoan
- eta Europako erantzun eta jarraibideekin
2023an Hariak estrategiak espazio berean bildutako 1.559 pertsonek bakardadeari buruz hitz egin zezatela lortu zuen, gai hori norberaren barneko kontua eta tabua izan arren. Halaber, 2023an Hariak Hub bulegoa sortu zen, eta 4 ibilbide estrategiko, 12 jarduketa-mota eta 98 gomendio definitu ziren.
Jarduerak ezarritako prebentzio-mailaren arabera bideratzen dira (lehen mailakoa, arazoaren zantzurik edo sintomarik hautematen ez denean; bigarren mailakoa, arrisku-faktoreak begi-bistakoak direnean; eta hirugarren mailakoa, bakardadearen ondorioak arindu eta tratatu behar direnean).
Hori guztia, gero eta indibidualismo handiagoa duen gizarte honetan komunitate- eta auzo-harreman osasuntsuak izateak duen garrantzia ahaztu gabe.
Une honetan, Urola Garaian 9 proiektu ditugu aktibo, horietako hiru lehen mailako prebentzioan eta 6 hirugarren mailakoan.