Hamabi urte baino gehiago dira Legazpin, Burdinaren Haranean, Olentzero, Euskal Herriko ikazkin maitatuena gertutik ezagutzeko ekimena abian jarri zela. Olentzerorekin batera, burdinola martxan jartzeko ikatza behar duen Burdintxo eta azken urteetan, Mari Domingi, ezagutzaren dama, zeinek erredurak eta beste zenbait gaitz sendatzeko ukendu magikoak prestatzen dituen, ekimenaren protagonista bihurtu dira.
Horretarako, Mirandaolako Parkearen esparruan, Aizkorri-Aratz Parke Naturalaren magalean, pertsonai hauek bizitza hartzen dute urtero. Honela, fikzioa eta errealitatea nahastuz, haurrak, opari, ikatza eta zaku magikoaren munduan barneratzen dira eta magiaz bezala, pertsonaiak ipuinetik ateratzen dira istorioari bizia emanez.
Urte hauetan hainbat istorio kontatu dira, baina beti ahoz, amonek kontatzen zuten bezala, tximiniaren beroan. Baina inoiz ez da haurrentzako ipuin bat idazteko pausorik eman. Hortaz, Lenburrek “Mari Domingi eta Olentzeroren zaku magikoa” aurkeztu du, hau Legazpiko bost tokitan salgai dagoelarik dagoeneko, 9.75€-en truke: Mirandaola, Bikuña Jauregia, Apatxo, Gazi Gozo eta Mimaru. Ane Odriozola idazleak idatzi du ipuina; hau Nerea Elustondok jarritako bertsoekin amaitzen da; eta Dani Uribeetxebarria ilustratzaileak egin ditu marrazkiak.