pulse aquí para ir al facebook del Ayuntamiento de Legazpi pulse aquí para ir al twitter del Ayuntamiento de Legazpi pulse aquí para ir a Youtube del Ayuntamiento de Legazpi pulse aquí para ir al flickr del Ayuntamiento de Legazpi pulse aquí para ir al instagram del Ayuntamiento de Legazpi

Laubide 18-24an obrak hasi dira, espaloi bat jartzeko
21
Aza
2023

Laubide 18-24an obrak hasi dira, espaloi bat jartzeko

Lanek bi hilabete iraungo dute

Dagoeneko hasi dira Laubide 24 eta 18 artean espaloi bat egiteko lanak. Legazpiko Udaleko Hirigintza arloko teknikariek idatzi dute proiektua, eta lanek  bi hilabete iraungo dute. Obra honek 45.006,45 €-ko aurrekontua du, eta ¢ART ERAIKUNTZAK S.L.¢enpresak egingo du. Obraren helburua, berriz, hauxe da: Domingo Agirre eskolara doazen oinezkoak babestea, bertatik segurtasunez ibil daitezen.

 

2021ean proposatutako gaia da espaloia egitearena, orduan aurkeztu baitzen Laubide auzotik Domingo Agirre eskolara doan bide tartean segurtasuna bermatzeko eskaera. Horren aurrean, eremua modu globalean birplanteatu da, eremu osoan irisgarritasuna hobetzeko.

Laubide auzoko 24. zenbakiko ataritik abiatuta, Domingo Agirre eskolarantz, eskuineko aldetik, gaur egun bi plataforma daude: lehenengoa Laubide kaleko 24. zenbakiko eskuineko eskaileretarantz doa, eta bigarrena espaloiaren ondoan dagoen lineako aparkalekurantz. Bi plataformak maila berean jarriko dira, eta aldapa txikiko plazatxo bat sortuko da albo horretarantz. Horrek altuera handiagoa sortuko du aparkalekua dagoen bidearen eta espaloiaren artean, baina oinezkoen espazioa handitzea lortuko da. Horretarako, albotik sartzeko eskailerak birplanteatu beharko ditugu.

Ataritik eskuinerantz, lorategian, espaloi bat egingo da, egungo zintarriaren, bidearen eta lorategiko zuhaitzaren artean muga eginez. Espaloia bidearen kontra joango da, eta bere horretan mantenduko da oinezkoen pasabidea.

Laubide 18ko ezkerraldean beste lorategi bat dago, eraikinarekin topo egin arte. Espaloi perimetral bat du bidearen parean, aparkatutako ibilgailuek inbaditzen dutena, espaloiaren zabalera are gehiago murriztuz. Eremu horretan espaloi bat eraikiko da, aurreko eremuan egingo den moduan.

Bestalde, Laubide kaleko 18. zenbakian, aparkatutako ibilgailuek espaloi hori har ez dezaten, handitu egingo da espaloia, oinezkoei leku gehiago uzteko. Horrela, espaloiak 1,80 m-ko zabalerakoak izango dira, eta 30 cm-ko erreten bat izango dute, hormigoizkoa.

 

Espaloien egungo akabera baldosa hidraulikozkoa da, eta eraikinak bezain zaharra da, 1.970eko hamarkadakoa. Espaloien azken akabera kutsatzaileen aurkako baldosarekin egingo da. Proiektu horrek 147,00 m²-ko azalera hartzen du, eta honako hauek izango dira lehentasunak:

- Oinezkoen irisgarritasuna hobetzea.

- Eskailera-tarteak hobetzea.

- Argiztapen publikoa hobetzea.

 

Oro har, kaleak etengabe berritu behar dira, baina auzoetan, askotan, ezinbestekoa da zoladurak eta instalazioak behar bezala mantentzea eta hobetzea. Proiektu honen bidez, premia horiei erantzun nahi zaie; jarduketa horrekin mugikortasun-planean eremu horretarako aurreikusitakoak betetzen dira.

Albiste guztiak