Gosari osasungarria Legazpiko nerabeen eremu komunitarioan esku hartzeko programaren baitan aurrera daramagun ekintzetako bat da. Besteak beste, nerabeen artean ohitura eta portaera osasungarriak sustatzea du helburu.
Programa aurrera eramateak sistemen arteko koordinazioa eskatzen du, eta Osasun Zentroa, ikastetxeak eta Udala inplikatzen dira jardueraren antolaketan.
Horrela, pasa den ostiralean, azaroak 10, Haztegi ikastolako DBHko 1. mailako ikasleek gosari osasungarria izeneko programan parte hartu zuten. Olazabal institutuko ikasleek berriz, martxoan hartu zuten parte.
Goizeko 8.00etan ikasleak ikastolako aretoan Legazpiko Osasun Zentroko arduradunarekin, pediatriako erizainarekin eta bailarako komunitateko erizainarekin elkartu ziren. Bertan gosaltzea eta produktu osasungarriak gosaltzea zein garrantzitsua den ikusi zuten: fruta osoa, zukuen ordez; esnekiak; zerealak, hobe integralak badira; e.a.
Eta aholku batzuk ere jaso zituzten: besteak beste, ahal bada, familia edo lagunartean jan, pantailarik gabe; Eta gizentasunariaurrea hartzeko eta osasuna hobetzeko, 5210 zenbakia kontuan hartzea. Horren esanahia honakoa da:
5-Egunean gutxienez 5 fruta eta barazki
2-Egunean, gehienez, 2 ordu pantaila aurrean (2 urtetik beherako umeetan pantailarik ez)
1-Jolastu eta mugitu gorputza egunean ordu bete
0-Ez hartu azukredun freskagarririk. Ura edan!
Gosaria geletan
Azalpenen ondoren, 47 ikasleak, irakasleekin batera geletara joan ziren eta bertan udalak emandako bertako produktuak eta produktu ekologikoak gosaldu zituzten, baita ikastolak berak emandako beste produktu batzuk ere.
Bertako eta sasoiko produktuak dastatzeko asmoz, Udalak Legazpiko Makatza baserriko ogia eta Ajuez baserriko intxaurrak, Urretxuko Agerre baserriko jogurtak,Itsasoko Haristizabal baserriko sagar ekologikoak eta Mari Carmen fruta dendan erositako mandarina ekologikoak eskaini zituen. Haztegi ikastolak esnea, kakaoa, olibazko olioa eta azukrerik gabeko marmelada eskaini zituen.
Elikadura osasungarriaren inguruko informazio gehiago (Eusko Jaurlaritzako OSASUN SAILA)