60ko hamarkadan itzuli zen Chillida Paristik, bere bide artistikoaren bila. Itzulitakoan, izeba baten jabetzako etxe batean jarri ziren bizitzen; etxe horren ondoan burdin lantegi bat zegoen. Eduardori deigarri egin zitzaizkion bertatik ateratzen ziren zaratak, eta egun batean lantegian sartzea erabaki zuen. Sua ikustean eta gizonak material horrekin borrokan, forma desberdinak nola lortzen zituzten,... ikustean erabat harrituta geratu zen. Pixkanaka, Illarramendi errementariaren eskutik ikasi zuen lanbidea, eta, urtebete igaro ondoren, berea izango zen tailerra erostea erabaki zuen.
Chillida GAUR talde artistikoan sartu zen, eta Oteiza, Basterretxearekin... batera, Arantzazuko (Oñati) santutegiaren proiektuan hartu zuen parte. Basilikaren ateak egitea zen bere ardura, baina ez zuen ateak itxi zitezela lortzen. Ateak lurrean zituela, eta mailu baten laguntzaz, behin eta berriz jotzen zituen, emaitzarik lortu gabe. Kasualitatez han paseatzen ari zen adineko gizon bat begira geratu zitzaion, eta arazoaren aurrean laguntza eskaini zion: mailua hartu zuen, ateari kolpe bat eman zion eta ateak erreakzionatu egin zuen; ez zen behar bezala geratu, baina Chillidak nahi zuen bezala tenkatu zen. Gizon hori Patricio Echeverria zen.
Ate horiek perfektuak izatea bilatzen zuenez, Patriciok ateak bere fabrikara eramatea eskaini zion. Eduardok Patricioren fabrikaren ateak parez pare ireki zizkiotela gogorarazi ohi zuen beti: sartzean, garabi batek 25 tona burdina gori-goria nola altxatzen zuen ikusi zuen, langileek mailu erraldoi batean burdina izugarri handiak nola bihurritzen zituzten ikusi zuen,... eta orduan pentsatu zuen fabrika horretan bere ametsa egia bihurtu zitekeela: Haizearen Orrazia.
Patricio Echeverriak, Euskal Autonomia Erkidegoko siderurgia-enpresa garrantzitsuenetako baten jabeak, pabiloi bat prestatu zuen eskultura egiteko, eta, horrez gain, talde bat osatu zuen hamar langilerik onenekin, eta 25 tona altzairu oparitu zizkion bere ametsa egia bihurtzeko. Eduardok zioenez, Echeverria lantegiko Forja Handiko makinak bere besoen luzapena izan ziren, bere eskuekin iristen ez zen eskala batzuetara iristeko aukera ematen ziotelako.
Fabrikan, Eduardo ia langile bat gehiago izan zen: berak zuzentzen zuen, baina tira egin edo kolpe bat eman behar bazen, ez zen inoiz atzean geratzen. Taldea egiten jakin zuen, eta ez bakarrik aukeratutako hamar langilerekin, baita geroago iritsi ziren beste askorekin ere. Langileekiko harremana oso estua eta gizatiarra izan zen, kasu askotan adiskide onak egitera iritsi arte. "Eduardo oso pertsona hurbila zen, eta harekin lan egitea luxu bat izan zen"– orain erretiratuta dauden langileek harro gogoratzen dituzte urte haiek, eta, zalantzarik gabe, eskultura horien parte sentitzen dira.
Langileek fabrikan gertatutako mila abentura gogoratzen dituzte. Esperientzia, zalantzarik gabe, ezagutza-truke bat izan zen: Chillidak ezagutzen ez zituzten gauzetatik haratago joatera gonbidatzen zituen, eta eskalari edo espazioari buruz hitz egiten zien; eta langileek teknika eta egiten zekitena erakutsi zioten, eta, berak, guztia xurgatu eta bere obran integratu zuen:
- Legazpin piezak mihiztatzen ikasi zuen, mekano bat balitz bezala, eta horrekin eskala askoz handiagoak lortu zituen.
- Legazpin altzairu bereziak fabrikatzen zituzten, eta altzairu berezi bat fabrikatu zen Chillidaren eskulturak egiteko; RE-CO deitu zioten (korrosioarekiko erresistentea).
- Legazpin, Eduardok eskulturak zitzilikatzeko teknika ikasi zuen eta, ondoren, teknika hori erabili zuen beste lan askotan, hala nola, “Lugar de encuentros IV” obran, gaur egun ChillidaLekun ikus daitekeena.
Langileek batez ere Eduardo gogoratzen dute, ez eskultore handia bezala, baizik eta ero bat bezala, "erotu egiten gintuena, zailena bilatzeko, egin ezin zitekeena egiteko". Izan ere, inork ez du bere autograforik, ez argazkirik, ez eta, jakina, berak egindako marrazkirik ere, "eta gustura sinatu edo egingo zigun zerbait berezia, baina guk ez genion garrantzirik eman, gu gure lana ondo ateratzen saiatzen ginen, baina gauzarik hoberena eraman genuen, bera ezagutu izana". Langileek Chillidaren bi gauza nabarmentzen dituzte: beren soiltasuna eta berak egin nahi zuena ulertarazteko gaitasuna. Guztiekin kontatzen zuen, inor ez zen inor baino gehiago, garabilariak edo forjariak arduradunak edo ingeniariak baino ideia hobeagoak izan zitzaketen. Eta, batez ere, bera beti zegoen entzuteko prest, gauza berriak ezagutzeko eta ikasteko prest. “Guk asko ikasi genuen harekin, baina nik uste dut berak ere asko ikasi zuela gurekin", gogoratu du langile batek.
Legazpiko fabrikan askoz ere amets gehiago gauzatu zituen, beste obra askoren artean honako hauek: Toki-egin (Reina Sofia-Madril), Musika isila (Dallas), Askatasunaren atea (Liechtestein). Horietan guztietan beti egon zen erronka berri bat, inoiz ez zen eskultura bera errepikatzen, eta hori ulertzea zaila egin zitzaien muntaketa-katean seriean lan egitera ohituta zeuden langileei.
Lan-harreman horren ondorioz sortu zen Chillidaren eta Legazpiren arteko lotura, eta, horregatik, 1997an LENBUR Fundazioa sortu zenean, Eduardok ez zuen zalantzarik izan sortzaileetako bat izateko. Berarentzat, hainbat urtetan jaso zuen laguntza guztia eskertzeko modua zen.
Chillida familiarekiko lankidetzak aurrera jarraitu zuen, eta 2010ean Chillida Lantoki sortu zen.
Chillida Lantokiespazio bakarra da, eskultorearen ekoizpen-prozesua -burdinaren zein paperaren ekoizpen-prozesua-erakusteko egokitu den paper-fabrika handia. Forjari, suaren unibertsoari eta mailuari eskainitako espazio bat, non eskultorearen tailerraren parte ziren jatorrizko elementuak erakusten diren. Bertan, modu argian erakusten da zein aldaketa ekarri zuen Chillidarentzat bere sutegitik forja handira igarotzeak eta tailerretik fabrikara igarotzeak.
Horregatik guztiagatik, bere garaian izan zenagatik eta gaur egun denagatik, Legazpiko Udalak eta LENBUR Fundazioak bat egiten dute Chillidaren urteurreneko ospakizunarekin, Legazpi eta legazpiarrak harro sentitzen baikara beren historiaren zati batean parte hartu izanaz.