Azken asteotan, herrian egindako pintaketak ugaritu egin dira eta gorakada horren aurrean kezkatuta gaude. Bandalismo-ekintza horiek, arazo estetikoak eragiteaz gain, gastu ekonomiko handia eragiten diote udalerriari, eta, horrezaz gain, kaleetako zikinkeria areagotzen dute.
Eraikinen paretetan eta fatxadetan agertzen diren pintaketek gastu handia ekarri diote udalari eta udalak ahalegin berezia egin behar izan du eragindako eremuak garbitzeko eta lehengoratzeko. Horrela, bada, aurten udal-kutxetatik 7.600 € baino gehiago erabili dira garbiketa-lan horietarako; kostu handia izan da udal-aurrekonturako, eta, gainera, kostu horri udal-langileek kartelak itsatsita agertzen diren hormak eta fatxadak garbitzen eman duten denbora gehitu behar zaio. Horrela, "diru hori ezin izango da herritarrentzat garrantzitsuagoak diren beste gauza batzuetarako erabili, eta udal-langileak euren lan-orduak gure kaleak garbitzeko eta hobetzeko erabili beharrean pintaketa horiek garbitzeko erabili behar dituzte".
Ez da ahaztu behar, halaber, "pintaketa horiek haserrea eta kexak sortzen dituztela horrelakoak jasan behar dituzten herritarren artean; gauza bera gertatzen da, kartelak jartzeko herrian zehar dauden guneetatik kanpo itsatsitako kartelekin; izan ere, kartelak kentzean, kola-markak geratzen dira, edo zinta itsaskorrak pintura altxatzen du".
Tokiko agintariek gogorara ekarri nahi dute leku espezifikoak daudela kartelak jartzeko eta baimendutako adierazpen artistikoetarako. Zehazki, adierazpen askeko hamahiru panel daude udalerri osoan; beraz, herritarrei dei egiten zaie ezarritako espazio horiek errespeta ditzaten. "Funtsezkoa da partekatzen dugun ingurunea denok errespetatzea eta zerbait adierazi nahi dugunean horretarako leku egokiak erabiltzea". "Pintaketek, udalari beharrezkoa ez den gastua sortzeaz gain, segurtasunik ezaren sentipena eta zikinkeria areagotzen dute, eta kalte egiten diote udalerriaren bizi-kalitateari". Horregatik, "zero tolerantzia izango dugu pintaketekiko. Egindako pintaketa guztiak ahalik eta lasterren ezabatuko dira, herria garbi nahi dugulako ".
Legazpi, denon artean garbi eta zainduta dagoen herri bat izatea nahi dugu. Zaindu dezagun Legazpi!