Herritarren beharrak, nahiak eta ideiak ezagutu eta 2024ko aurrekontuak zehazterakoan kontutan hartzeko asmoarekin, urriaren 18 eta 30a bitartean kalean egon da Udal Gobernu taldea. Herriko sei gune desberdinetan kokaturik jaso dituzte herritarren iradokizunak, eta guztira, bai kalean bertan eta baita helbide elektronikoaren bitartez ere 176 izan dira jasotakoak.
Orain, informazio hau guztia aztertu eta parte hartu duten legazpiar guztiei erantzun bat emango zaie, azaroaren 2tik abenduaren 10a bitartean. Ondoren, Udalaren eskumenekoak ez diren eginkizunak alde batera utzita, besteen zerrenda argitaratu egingo da eta lanen ibilbidearen jarraipena egiteko aukera izango dute herritarrek web orriaren bitartez (urtarrilaren 10etik aurrera).
Prozesu honekin bukatzeko ebaluazio bat egingo da, hurrengo urtera begira ere ekarpenak egin ahal izateko.
Bestetik, eta herritarren parte hartzea eskertzeko, herriko dendetan gastatzeko 100 €-ko bost bono zozkatuko dira bere iradokizuna helarazi duten guztien artean, zozketa urtarrilaren 8an, astelehenean, izango delarik.