Legazpiko LENBUR Fundaziotik, “Euskadin Egina”erakusketaren inaugurazioa aurrera eraman zen atzo Chillida Lantokin, hau urriaren 22ra arte ikusgai egongo delarik.
Fabrika gunean industrializazioarekin zerikusia duten aldi bateko erakusketak egiteko txoko berria sortu da eta bertan kokatu den lehenengo erakusketa “Euskadin Egina” dugu.
Aspaldiko tailer itxura duen gunea berreskuratu dugu, lan egiteko egurrezko mahai luzeak, tresneria, buzo urdinak, fitxatzeko makina eta erakusketaren erdian Euskal Herriko mapa handi bat, non herriak eta bertan sortutako industria lotzen da.
Euskal Herria ezagutzeko hainbat ikuspegi daude: historia, paisaia, kultura, hizkuntza, eta abar. Erakusketa honetan OBJEKTUA da gure lurraldea ezagutzeko ardatz nagusia .Industrializazioak objektua aldatzen du, lehen artisaua eta bakarra zena orain kate lanean egingo da, azkarrago eta merkeago ekoiztuz. Euskal Herrian sormen izugarria egon zen eta herri bakoitza produktu zehatz batekin lotu dezakegu. Esate baterako: Legazpin mailuak, Tolosan papera, Azpeitian abarketak, Donostian zigarroak, eta abar.
Egunerokotasunean erabili izan ditugun objektu batzuen “historiabereziak” ezagutzeko aukera dugu: Sanchesky patinak, Lagarto, Chimbo edo Bilore xaboia, KAS...eta abar.
Erakusketa hau egonkorbezala geratuko da neurri handi batetan, “Ikastetxeentzako txoko” berezian bihurtuz. Bertan, “jolasten ikasten” lelopean esperientzia desberdina eskaini nahi dugu. Gune honetan, hainbat froga antolatu ditugu eta erronkak aurrera ateratzeko Euskal Herriaren industrializazioan murgilduko dira ikasleak.
Gainera, erakusketa honetan Gordailuren lankidetza egon da, Gipuzkoako Foru Aldundiaren ondare bilduma biltzen duen erakundek, maileguan pieza berezi bat utzi digularik.
Bisitatzeko egunak eta ordutegia:
- Urriak 12 ,osteguna: 12.00etatik 14.00etara
- Urriak 13, ostirala: 18.00etatik 20.00etara
- Urriak 14, larunbata: 12.00etatik 14.00etara eta 18.00etatik 20.00etara
- Urriak 15, igandea: 12.00etatik 14.00etara
- Urriak 20, ostirala: 18.00etatik 20.00etara
- Urriak 21, larunbata: 12.00etatik 14.00etara eta 18.00etatik 20.00etara
- Urriak 22, igandea: 12.00etatik 14.00etara