“Zuk jakitea nahi dut…” gidaren aurkezpena egingo da datorren urriaren 2an, astelehena, Legazpiko Kultur Etxean, 17:00etan, Legazpiko Udalaren laguntzarekin. Gipuzkoako Gizartean Esku-hartzeko Etika Batzordeak, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lankidetzan, osatu duen dokumentua da, zainketen plangintza partekatua eta adostua errazteko helburua duen gida praktikoa.
Gipuzkoako Foru Aldundia zainketa lanen paradigma berri bateranzko trantsizioan murgilduta dago. Horretarako, Gipuzkoa 2020>2030 Agenda du bide adierazle. Tresna horren bidez, arreta emateko modu berriak sortu nahi dira, berrikuntzatik abiatuta, sare komunitarioak indartuz eta pertsonak ekintza ororen erdigunean jarriz.
Oinarri horretatik abiatuta, "Zuk jakitea nahi dut…” dokumentuan jasotzen den gida egin da, zainketak planifikatzen laguntzeko, pertsona bakoitzaren lehentasunak kontuan hartuta. Egunerokotasunean edo aldaketa-uneetan erabakiak hartzea errazteko balio duen tresna da, pertsonei, haien familiei, lagunei edo haiei laguntzen dieten profesionalei zuzendutako jarraibide sinpleen bidez. Entzuteko eta pertsona bakoitzaren balioak, nahiak eta beharrak errespetatzeko aukerak sortzen ditu, eta horiek funtsezkoak dira zainketen pertsonalizazioan aurrera egiten jarraitzeko.