Aste honetan Itxaropen auzoan irisgarritasuna hobetzeko bi obra egiten hasiko dira. Horietako bat auzoko 2-4 zenbakiko atarietara iristeko dagoen arrapala berritzea izango da; eta bigarrena, 15-17 zenbakien bitartean dauden eskailerak berritzea; obra biek hiru hilabeteko iraupena izango dute.
- Lehenengo proiektua 2. eta 4. atarien arteko eskailerak eta arrapala egitean datza, indarrean dagoen hirigintza-araudiak ezarritako zehaztapenak betez. Gaur egun, 2. eta 4. atarietara iristeko dauden eskailerak oso desorekatuta daude, eta atari horietarako sarbidea hobetzeko, gehienez % 8ko malda duen arrapala eta eskailera irisgarriak jarriko dira.
Arrapalak eta eskailerak hormigoi armatuzko zolatarekin egingo dira eta karbono dioxidoa (CO²) xurgatzeko gai diren 30 x 30 cm-ko baldosa hidraulikoak jarriko dira. Gainera, ur-hornidurako instalazioak berrituko dira, baita euri-uren instalazioak ere. Baranda bat ere jarriko da eskaileren eta arrapalaren bi aldeetan. Azkenik, ibilbide osoa LED argiarekin argiztatuko da.
Hauek dira lehentasunak:
1.- Irisgarritasuna hobetzea arrapalen bidez.
2.- Eskailera-tarteak hobetzea.
3.- Argiztapen publikoa hobetzea.
4.- Edateko uraren eta saneamenduaren instalazioak hobetzea. Gipuzkoako Urak arduratuko da hobekuntza horretaz.
335,00 m²-ko azalerari dagokion jarduketa da eta horretarako aurrekontua 308.960,86 €-koa da. CONSTRUCCIONES EGURKI ERAIKUNTZAK S.L. enpresak egingo du obra eta Legazpiko Udalaren eta Gipuzkoako Uren artean finantzatuko da.
- Bigarren proiektuak Itxaropen auzoko 15. ataritik 17ra bitarteko eskailerak berritzea aurreikusten du. Egungo eskailerako mailak eta plataformak egokituko dira, indarrean dagoen hirigintza-araudiak ezarritako zehaztapenak betez.
Gaur egun, 15. eta 17. atarien artean dagoen eskailerak ez du egungo legeria betetzen. Eskailera-mailak ez dira berdinak, eta estuak dira gainera. Hobetzeko, eskaileraren mailak orekatuko dira eta horien zabalera handituko da.
Eskailerak hormigoi armatuzko zolatarekin egingo dira eta karbono dioxidoa (CO²) xurgatzeko gai diren 30 x 30 cm-ko baldosa hidraulikoak jarriko dira. Gainera, kasu horretan, ur-hornidurako instalazioak ere berrituko dira, baita euri-uren instalazioak ere; baranda jarriko da eskaileren bi aldeetan; eta azkenik, ibilbide osoa ibilbide osoa LED argiarekin argiztatuko da.
Hauek dira lehentasunak:
1.- Eskailera-tarteak hobetzea.
2.- Argiztapen publikoa hobetzea.
3.- Edateko uraren eta saneamenduaren instalazioak hobetzea. Gipuzkoako Urak arduratuko da hobekuntza horretaz.
115,00 m²-ko azalerari dagokion jarduketa da eta horretarako aurrekontua 137.998,67 €-koa da. CONSTRUCCIONES EGURKI ERAIKUNTZAK S.L. enpresak egingo du obra eta Legazpiko Udalaren eta Gipuzkoako Uren artean finantzatuko da.