Ibaiak eurian, iturburuetan edo izotza eta elurra urtzean sortzen diren ur-korronteak dira. Fauna- eta floradibertsitate handiko bizileku dira, eta, gainera, mineral ugari garraiatzen dituzte, ekosistemen oreka ezin hobea lortzen laguntzen dutenak.
Zoritxarrez, ibaiak kutsatuta daude oraindik ere, eta zuzeneko eragina dute haiei lotutako ekosistemen biziraupenean, baita itsas ingurunean ere, eta horrek galera ekonomiko eta ingurumen-galera handiak eragiten ditu. Legazpin gauza bera gertatzen da.
Udalak, Erreka Egunean egiten den bilketaz gain, urtean 300 kg hondakin inguru erretiratzen ditu ibaitik, eta horrenbeste zabor ez pilatzeko, metalezko babes-sareak jarri dira. Guztira 1.300 metro sare baino gehiago jarri ditu Udalak azken 3 urteetan, Aldundiaren laguntzarekin.
Funtsezkoa da administrazio publikoek eta, oro har, herritarrek elkarrekin lan egiten jarraitzea espazio horiek babesteko eta erregeneratzeko.
Eta esparru horretan kokatzen dugu Erreka Eguna. Urretxurekin eta Zumarragarekin ere partekatzen den eguna da, Urola ibaia eta errekak garbitzeaz haratago doana: gaiaz sentsibilizatzeko eta gure ingurumena zaintzeko deia da.
19. edizio honetan, eta ezin bestela izan, Legazpiko bi ikastetxeen laguntza izango dugu, Domingo Agirre eta Haztegi ikastola, eta gure eskerrik zintzoena helarazi nahi diegu bai haurrei, bai irakasleei.
Hortaz, aurtengoan 100 legazpiarrek parte hartuko dute: 43 Domingo Agirretik; 32 Haztegi ikastolatik; 8 Gazte Txokotik eta 17 legazpiar gehiago, udaletxean izena eman dutenak.
Ekitaldia goizeko 9.30etan hasiko da eta bertan parte hartzaileak taldetan banatuko dira, bakoitzari ibaiaren zati bat egokituko zaiolarik, hau garbitzeko behar den materialarekin batera. Amaitzerakoan zaborra pisatu eta plazan aste betez kokatuko da, herritarrek gure ibaira botatzen den zabor kopuruaz konsziente izan daitezen. Ekintza Kattagorri elkarteak, Udalarekin batera, eskainitako hamaiketako batekin bukatuko da: gazta, txorizoa, eta edariak.
Izena eman dutenek, euren taldea zein den jakiteko aukera izango dute irailaren 28an www.legazpi.eus