Abuztuko esaera zaharrak adierazten du alferrak gauzak beti gerorako uzteko joera izaten duela. Honela dio: GEROA, ALFERRAREN LELOA.
Nagiek gerorako uzten dute dena, nahiz eta jakin betebeharra edota zeregina egin beharra dagoela; denboran atzeratzeko joera hori askotan ikusten dugu pertsonongan, batez ere, gustuko ez ditugun ekintzak burutu behar ditugunean! Gero egingo dut, bihar hasiko naiz … Nork ez du horrelakorik pentsatu?
Honetara iritsita, ezin Axular euskal idazleak 1643 urtean argitaratutako Gero liburua aipatu gabe utzi, bigarren edizioa Geroko gero izenburupean argitaratua. Orduan ere eginbeharrak geroko uztearen arriskuaz ohartarazi nahi zuen idazleak, ‘egitekoen geroko uzteak’ dakartzan kalte eta zorigaitzez, erlijio betekizunez ari bazen ere. Aspaldiko joera dugu antza.
Ia laurehun urte geroago Nerea Elustondo bertsolariak honakoa bertsoa jarri du esaera zaharra emanda:
Nahiz noizbait denoi pasa
Lanak pilatzea,
Zereginak geroko
Uzten saiatzea.
Ez baitugu nahi alfer
trazarik hartzea,
Orain esaten zaio
Prokrastinatzea.
Bertsolariak argi esaten du noizbait denoi gertatu zaigula lanak pilatu eta zereginak gerorako uzten saiatzea, baina inori alfer fama izatea gustatzen ez zaigunez, Elustondok dio orain prokrastinatzea esaten zaiola horri. Prokastinazioa jarduera garrantzitsuak atzeratzeko ohitura da, garrantzi txikiagoko edo hain lehentasunezkoak ez diren beste jarduera batzuk egiteko.
Ezer aldatu da XVII mendetik hona? Esaera eta hitz berriaren artean dagoen ezberdintasuna alfer hitza ezabatu izana da! Inor ez baita alfer… Orain puri-purian dagoen hitza dugu Prokrastinatzea, hitz korapilotsua, aldrebesa, inork gutxik ulertzen duena. Alferraren estrategiaren parte izan liteke, pentsatzen jarrita: hitz ‘dotere’ baten bitartez izendatu ondo ikusia ez dagoena, eufemismo bat erabiliz, alegia. Bi kontu sumatzen dira hor beraz: batetik, nagikeriarako joera eta, bestetik, aitortu ezina. Alferkeriak jota gauden udako arratsalde baterako hausnartzeko kontuak …
Bertsoen gaineko azalpenari dagokionez, Elustondok bertsolaritzan hankaluzea zer den azaldu digu. Honelaxe dio: puntu bakoitzari dagokiona baino silaba kopuru handiagoa sartzeari esaten zaio bertsotan hankaluzea egitea, puntu edo hanka hori luzeegia egitea, alegia.