Legazpiko Nerabeentzako Zerbitzua oporretan dago.
Udako ekintzak uztailaren 22an amaitu dira eta irailean berriro itzuliko dira11 eta 17 urte bitarteko nerabeekin kalean, gizarte sareetan eta Gazte-txokoan esku hartzeko prest.
Irailaren 1ean eta 6an hezitzaile-taldeak barne lana egingo du. Irailaren 7an eta 8an, oporren ondorengo hartu-emanetan murgilduko dira Gizarte sareetan eta kalean; eta Agorreko Santikutzak pasa eta gero, irailaren 13an, Gazte-txokoa ohiko ordutegian irekiko da berriro, bai astegunetan baita asteburuetan ere.
Dena den, nerabeek primerako uda pasa dute, Nerabeentzako Zerbitzuan antolatu diren jardueretan. Batetik, herritik kanpo hainbat irteera egin dituzte: Olaberriako kartingera, Hernaniko igerilekura, Donostiara, hondartzara egun batean eta Ihes-gelara (Escape Room-era) beste batean.
Bestetik, Gazte-txokoko lau paretetatik kanpo, baina herriko gune ezberdinetan, hainbat jarduera egin dituzte: azokako ostiral batean, Nerabeentzako Zerbitzuaren eguna ospatu dute pintxo eta musika artean; beste arratsalde batean, Hegialdera ere gerturatu dira eta Laubide auzoko oinezkoentzako gunean tonbola eta fruta-brotxetak eskaini dituzte; eta beste batean, errekan freskatu dira.
Bukatzeko, Gazte-txokoa erabiltzaile guztientzat erakargarriagoa izan dadin, nerabe talde batek burdinazko mahaien hankak margotu ditu. Eta ez dira bazkariak eta ospakizunakfalta izan, udari ongi etorria emateko edo oporrak direla-eta agur esateko.
Gizarte sareetan ere oso aktibo egon dira, eta udako jarduera guztien berri emateko oso bideo polita prestatu dute. Zuen gustukoa izatea espero dugu!