Ikasgelako ikasturtearen amaierarekin batera, balorazioa egiteko garaia iritsi da. Martxotik uztailera bitartean 37 ikaslek eskuratu dute txartela eta horien profila honakoa izan da: batez besteko 24 urteko emakumea, Gradu ikasketak Euskal Autonomia Erkidegoan egiten ari dena. Eskaerei dagokionez, 10etatik 8 martxoan bideratu dira eta ia 6 Egoitza Elektronikotik.
Ikasgela erabiltzaileen beharretara egokitzen den zerbitzua dela kontutan izanik eta zenbait erabiltzaileen iradokizunak entzun ondoren, uztailean hamahiru egun gehiagotan erabiltzeko aukera zabaldu zen, oposizioak prestatzen aritu diren ikasleentzat.
Hori horrela izanda, ikasturtearen bigarren aldi honetan, ikasgela erabiltzaile orokorrentzat 127 egunetan erabilgarri izan da eta espresuki eskatu duten ikasleentzat 140 egunetan.
Hobekuntzak datorren ikasturterako
Erabiltzaileek egindako ekarpenak aztertu ondoren eta kalitatezko zerbitzua eskaintzeko asmoarekin, Udalak 2023-2024 ikasturtean hainbat hobekuntza txertatuko ditu:
- Ikasgela irailaren 4an irekiko da, oposizioak prestatzen ari diren ikasleen beharrei erantzunez.
- Ikaspostu gehiago eskainiko dira. Mahaiak aldatuko dira eta 7 mahai egonkor eta zabalagoak jarriko dira; guztira 27 ikaspostu egongo dira. Aldaketa hau irailaren bukaeran egingo da.
- Ikasturte osoan erabili ahalko da ikasgela, lehen aldiz.Beraz, azken urtetan ez bezala, ez dira bi aldi bereiziko eta etenaldirik gabe, irailaren 4tik uztailaren 12ra arte egongo da erabilgarri. Hala ere, erabileraren jarraipena egingo da eta beharrezkoa izango da bi hilabetean behin erabiltzea. Hala egin ezean, udalak txartela itzultzea eskatuko ahal izango du.
- Txartela edozein garaitan eskatzeko aukera egongo da. Eskaerak abuztuaren 31tik aurreraegin daitezke Udalaren webguneko Egoitza Elektronikoan edo udaletxeko Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan (astelehenetik ostiralera, 07:30etik 15:00etara) eta irailaren 1etik aurrera eskuragarri egongo dira Kultur etxeko harreran. Eskaerarekin batera 2023-2024 ikasturteko matrikularen egiaztagiria aurkeztu beharko da.
18 urtetik gorako pertsonek erabili ahal izango dute zerbitzua, udalerrian erroldatuta daudenak eta irakaskuntza arautua egiten ari direnak (heziketa-zikloak edo unibertsitate-ikasketak).
Ordutegia berdin mantenduko da. Astegunetan, astelehenetik ostiralera 8:00etatik 21:00etara eta asteburuetan, hau da, larunbatetan, igandeetan eta jaiegunetan, 9:30etik 20:30era.