Aste honetan, alkatetzaren buru izaten eman dudan etapa amaituko da. Legazpiko alkate izatea ohorea izan da, bai eta erantzukizun handia ere, eta horrek arrastoa utziko dit nire bizitza osorako. Izan ere, bat ez da alkate sortzen, eta ez da alkate izateko ikasten; aitzitik, alkate izatea erronka da eta erronka horrek erabakiak hartzera behartzen zaitu, behin betiko horien erantzule izango zaren erabakiak.
Hartu behar izan ditudan erabaki guztietan, beti saiatu naiz erantzukizunez, gardentasunez, zintzotasunez eta errespetuz jokatzen, legazpiarren beharrei eta nahiei erantzuteko asmo bakarrarekin. Legazpi leku hobeagoa, herri bizi, dinamiko eta erakargarria izatea bilatu dut, etorkizunean lana, etxebizitza eta gizarte-zerbitzuak eskainiko dituena eta bizi-kalitatea emango diguna. Horixe izan da nire helburua 8 urte hauetan.
Urte oso intentsuak eta dedikazio pertsonal handikoak izan dira, Udalaren funtzionamenduak hala eskatzen duelako. Urte hauetan, une onak eta ez hain onak bizi izan ditut, eta beti izan dut nire familiaren laguntza. Hemendik, eskerrak eman nahi dizkiet, haien ondoan egon ezin izan dudanean nirekin izan duten pazientziagatik; izan ere, ezinbestean egon behar izan dut hainbat eta hainbat erakunde-, kultura-, kirol- edo gizarte-ekitaldietan. Eskerrik asko!
Eskerrik asko urte hauetan gobernu-taldean lagundu didaten EAJ-PNV taldeko lankideei. Halaber, eskerrak eman nahi dizkiet gainerako talde politikoei, gure proposamenak babesten laguntzeagatik, baita kritika eraikitzaileak eta iradokizunak egiteagatik ere. Eskerrik asko!
Eskerrak eman nahi dizkiet Udaleko langileei erakutsitako profesionaltasunagatik eta buru izan naizen udal-gobernuak bultzatutako proiektuak gauzatzeko egindako lanagatik. Eskerrik asko!
Hezkuntza-komunitateari ere eskerrak eman nahi dizkiot, gure herriko gazteenen hezkuntzarekin duen konpromisoagatik. Eskerrik asko!
Eskerrak ere Legazpiko elkarte guztiei, gure herria ahaleginaren kulturan eraikitako komunitatea eta elkartasuna eta errespetua bezalako balioak dituen komunitatea izan dadin eskaini diguten laguntzagatik. Eskerrik asko!
Eskerrak eman nahi dizkiet Udalak parte hartzen duen beste erakunde hauetako langileei ere: Mankomunitatea, Uggasa, Ugle, Industrialdea, Sasieta, Gipuzkoako Urak, Goimen, Zubillaga, Lenbur, Santikutz Egoitza, Eudel... Horiekin asko ikasi dut 8 urte hauetan. Eskerrik asko!
Eskerrak eman nahi dizkiet komunikabideei udalaren jarduerarekin lotutako informazioa zabaltzeko emandako laguntzagatik eta emandako aholkuengatik. Eskerrik asko!
Azkenik, eskerrak eman nahi dizkiot Legazpiko herriari urte hauetan jaso dudan maitasunagatik. Eskerrik asko!
Alkatetza uzten dut, baina ez dut Legazpi utziko, beraz, Legazpin bizitzen jarraituko dut eta nire aletxoa ematen jarraituko dut, Legazpi nahi dugun herri bizi, dinamiko eta bizi-kalitatekoa izan dadin
Gora Legazpi!