Legazpiko Tipi Tapak ibilaldiak egiten ditu urteko ostegun guztietan, eta elkarteetako, ikastetxeetako eta hainbat erakundetako pertsonak elkartzen ditu.
Programa honen helburua bikoitza da: jarduera fisikoa egitea eta belaunaldien arteko harremanak sustatzea.
Gainera, beste jarduera batzuetan ere parte hartzen du, hala nola hilaren 27an Agirre Etxeberriko lorategietan egingo den jardueran.
Oraingo honetan, bisita gidatua egingo dute zuhaitzen oinetan jarritako informazio-plaka batzuen bidez identifikatu eta katalogatu diren zuhaitz asko bertatik bertara ezagutzeko.
Ekimen hori 2030 Eskola Agendako ikasleek proposatuta sortu zen, eta Urola Garaiko udalek, Uggasarekin batera, plakak jarri dituzte Legazpiko 40 zuhaitzetan, gehienak Agirre Etxeberri parkean.
Horrela, Legazpiko erdigunean dugun “hiri-baso” eder eta zabal horren ezaugarriak eta bitxikeria asko ezagutuko dituzte.