pulse aquí para ir al facebook del Ayuntamiento de Legazpi pulse aquí para ir al twitter del Ayuntamiento de Legazpi pulse aquí para ir a Youtube del Ayuntamiento de Legazpi pulse aquí para ir al flickr del Ayuntamiento de Legazpi pulse aquí para ir al instagram del Ayuntamiento de Legazpi

Martxoko asmakizunaren erantzuna: Ipurbeltz
01
Api
2023

Martxoko asmakizunaren erantzuna: Ipurbeltz

Aurten esaera zaharrei eman diegu lekua urteko egutegian lehiaketarako, esaera zaharrak ezagutzera emateko eta erabilera sustatzeko

 

Hegazti beltza azaldu zaigu martxoko orrialdean, ezaguna inondik inora Euskal Herrian. Baina, zozoa ala belea dugu? Edozein kasutan, bata zein bestea hain ezagunak izanik, euskal esaera zaharretan ere badute lekurik:

 

Zozoak beleari zer esango eta ipurbeltz! Hortxe duzue martxoko esaeraren erantzuna. Ez dago asko pentsatu beharrik horren esanahia ulertzeko: biak beltz-beltzak izanik, elkarri mokoka hasi eta hala esan omen zion batak besteari. Horixe polita!

 

Erraz jabetzen gara horrelako portaerez kanpotik ikusten ditugunean, baina guk geuk egiten dugunean konturatzen al gara? Izan ere, zenbat aldiz leporatzen diogu hurkoari guk geuk egiten duguna!? Zein aise ikusten ditugun besteen akatsak, gureak sumatu ere egin gabe … Eta larriena da, zozoari gertatu bezalaxe, gu geu ez garela horretaz ohartu ere egiten!

 

Esaera gai emanda, halaxe kantatu du Legazpiko Bertso Eskolako Lierni Ugarte Valdivielso bertsolariak:

Zozoak egin zuen

bere hausnarketa.

Beraz, aholku honi

ipini arreta:

Besteak gutxiago

kritikatu eta,

geure burua ere

epaitu tarteka.

 

Hortxe duzue, beraz, mezua: besteak gutxiago epaitu eta geure buruari gehiago erreparatu, autokritika egin eta malguagoak izan bazterrekoekin. Antzekoak izanagatik, ez baikara berdinak, zozoa eta belea bezalaxe.

 

Aurreko hilabeteetan bezala, bertsolariak gaiari buruzko bertso borobila sortzeaz gain, bertsoaren elementu bati buruz ere hitz egin digu, oraingoan Puntuaz.

 

Puntua bi lerrok osatzen dute eta bigarren lerroko hitza da oina, errima daraman hitza. Honenbestez, bertsoa puntuz osatuta dago. Neurri ezagunenen artean, esate baterako, zortzikoak lau puntu ditu; hamarrekoak bost; eta koplak bi besterik ez.

 

Inguruan inor musikazalea baldin badugu, akaso ezaguna egingo zaio Urtz taldeak bere garaian kantuan zioena:

Geure burua ondo ezagutu arte,

xoxoak beleari ipurbeltz.

Ez dakit zergatik,

errazago gertatzen da

norberak dituen akatsak

besteengan ikustea.

Ez dakit zergatik,

errazago gertatzen da

norberak izaten dituen akatsak

aitzakiatan estaltzea.

 

Kantua entzuteko sartu hemen: https://www.youtube.com/watch?v=uYwh3YwjpIE

 

Ondoren, Liernik osatu duen bertsoa entzun dezakezue:

 

Albiste guztiak