Autismoaz Kontzientziatzeko Munduko Eguna da apirilaren 2a. Egun horrekin bat eginez, Legazpiko Udalak autismoaren astea antolatu du, martxoaren 27tik apirilaren 2ra.
Helburu nagusia, autismoari buruz sentsibilizatzea eta herritarrei informazioa helaraztea da, autismoaren espektroko nahasmenduak dituzten pertsonen harrera sozialaren garrantzia azpimarratzeko.
Autismoaren espektroko nahasmendua (AEN) jatorri neurobiologikoko baldintza bat da, nerbio-sistemaren konfigurazioan eta garunaren funtzionamenduan eragiten duena.
Gautena elkartearekin (autismoaren nahasmendua duten pertsonen senideen Gipuzkoako elkartea) lankidetzan, hainbat jarduera antolatu dira.
Martxoaren 27an, astelehenean, hitzaldi bat izango da Kultur etxean, 18:00etan, honako izenburupean: “Autismoa Gipuzkoan. Familien ikuspegia”. Bertan, honako hauek hartuko dute parte: Patxi Aguirre, Javier Garcia eta Jose Conejo, Gautenako Zuzendaritza Batzordeko kideak eta Maite Sanz, Gautenako kidea.
Apirilaren 1ean, larunbatean, txu-txu tren bat ibiliko da Legazpiko kaleetan, 10:30etik 13:30era eta 16:00etatik 20:00etara. Trena egokituta dago bertan gurpil-aulkian dauden 2 pertsona igotzeko.
Egun berean arratsaldean, Azokan, 16:00etatik 20:00etara, jolas inklusiboekin osatutako haur-parkea egongo da eta 17:30etik 20:00etara, Gautena elkarteko postu bate egongo da, autismoari buruzko sentsibilizazio-materialekin eta hainbat produktu saltzen.
Aste osoan... udaletxeko fatxada urdinez argituko da, autismoaren kolorea.
Kolore urdinak nahasmendu hori duten pertsonek eta haien senideek egunero bizi dutena adierazten du. Kolore horren berezitasuna da udako egun batean itsasoa bezain distiratsua dela, eta beste batzuetan ilun-iluna da, ekaitz gogorra bizi duen itsaso baten antzera.
Herritarrak autismoari keinu bat egin eta aste osoan urdin koloreko arropa erabiltzera animatzen dugu.