Olazabal institutuko DBHko 1. mailako ikasleek gosari osasungarria izeneko programan hartu zuten parte martxoaren 9an, ostegunean.
Lehenik eta behin, Legazpiko Osasun Zentroko arduradunarekin eta pediatriako erizainarekin elkartu ziren, eta bertan gosaltzea eta produktu osasungarriak gosaltzea zein garrantzitsua den ikusi zuten: fruta osoa, zukuen ordez; esnekiak; zerealak, hobe integralak badira, etab.
Ondoren, 38 ikasleek, irakasleekin batera, udalak emandako bertako produktuak eta produktu ekologikoak gosaldu zituzten, baita ikastetxeak emandako beste produktu batzuk ere.
Bertako eta sasoiko produktuak dastatzeko asmoz, Legazpiko Udalak Legazpiko Igeralde baserriko ogia, Urretxuko Agerre baserriko jogurtak, Zumarragako Agerre baserriko intxaurrak eta Mari Carmen fruta dendan erositako sagar eta mandarina ekologikoak eskaini zituen.
Olazabal institutuak, bere aldetik, norberaren izena grabatuta zuen katilu bat oparitu zien ikasleei.
Legazpiko nerabeen eremu komunitarioan esku hartzeko programa
Gosari osasungarria Legazpiko nerabeen eremu komunitarioan esku hartzeko programaren baitako ekintza bat da. Besteak beste, nerabeen artean ohitura eta portaera osasungarriak sustatzea du helburu.
Programak sistemen arteko koordinazioa eskatzen du, eta haiek inplikatu dira jardueraren antolaketan: Osasun Zentroa, Olazabal institutua eta Udala.
►Plater osasungarriaren posterra