Apirilak 28tik maiatzak 3ra, Santikutz jaietan jarriko den txosnaren eskaera, egoitza elektronikoaren bitartez egin beharko da
HAUEK DIRA BALDINTZA OROKORRAK:
1.- Azken urtetan Legazpin ekintzak antolatu eta egin dituzten herriko elkarte edo taldeak bakarrik eskatu dezakete txosna ustiatzea. Ez da onartuko eskaera pertsonalik, ezta alderdi politikoek egindakorik ere.Gehienez 2 esleipendun izango dira. 2 eskari baino gehiago egonez gero, lehentasuna izango dute iaz −maiatzeko jaietan− esleipendun izan ez zirenek. Bi plazak osatzen ez badira, aurkeztu direnen artean zozketa eginez esleituko dira gainerakoak.
Dena den, eskatzaileen artean adostasuna lortzen bada, aukera dago beste ustiatze-formula bat erabiltzeko.
2.- Udalaren kontura izango da karpa, harraska, argindarra eta ur-hornidura. Gainerako elementuak eskatzailearen kontura izango dira: barra, musika ekipoa (bakarra txosna guztirako) eta bestelakoak.
- Karpa eliza atzealdean jarriko da, parkearen ondoan. 10x20x3 metro izango ditu, eta barruan ekitaldiak antolatzeko oholtza jarriko du Udalak.
- Barruan antolatzen diren musika-emanaldi edo ekintzak, beranduenez, goizaldeko 03:00etarako bukatu beharko dira.
3.- Karpa esleipendunek erabiltzeko moduan egongo da apirilaren 27ko arratsaldeko 16:00etatik aurrera. Aldiz, maiatzaren 5a arratsaldeko 16:00etarako dena jasota egongo da.
4.- Txosna apirilaren 28an ireki daiteke, arratsaldeko 18:00etatik aurrera, eta maiatzaren 3an itxiko da, beranduenez, arratsaldeko 21:00etan.
5.- Ordutegia
- Ireki: Eguerdiko 12:00etatik aurrera.
- Itxi: Goizaldeko 05:00etan. Ordu horretarako karpak erabat itxita egon beharko du.6:00etan argindarra kenduko da.
6.- Edalontziak, platerak edo bestelako ontziak berrerabilgarriak izango dira. Horretarako, Udalak herriko elkarteen eskura jarriko du bere ontziteria berrerabilgarria, hura erabiltzeko ezarritako baldintzen arabera. Ontzi horiek denak itzuli egin behar dira eta, beraz, leku agerian jarriko dira horren berri ematen duten kartelak. Kartel horiek Udalak emango ditu.
7.- Txosna eta ingurua garbi eta txukun mantenduko dira. Txosnaren barruko garbiketa esleipendunak egingo du.
8.- Hondakinak jasotzeko ontzi egokiak erabili beharko dira. Hondakinak ezingo dira pilatu eta ontziak betetzen direnean hustu egingo dira. Txosnaren kanpoaldean hondakinak biltzeko ontziak jarriko dira.
9.- Udalerrian euskararen erabilera sustatzeko Udalak onartu dituen irizpideak kontuan hartu beharko dira, beraz, euskararen erabilera lehentasunezkoa izango da ahozko zein idatzizko harremanetan. Gainera, euskarazko musika jartzea sustatuko da. Agerian jartzeko ohar, kartel eta horrelakoak euskaraz idatziko dira edo, bestela, elebitan. Hala ere, elebitan idaztekotan, euskarazko testua nabarmenduko da.
10.- Txosna gunean ez da kartel sexistarik onartuko.
11.- 18 urtez beherakoei ez zaie edari alkoholdunik zerbitzatuko.
12.- Araudi hau betetzen ez bada, ez da fidantzarik itzuliko eta ezingo da beste esleipen batean parte hartu bi urtez.