Legazpiko udaleko Haur, Nerabe eta Gazteen zerbitzuak Pazko Astean Morgako atepetxera irteera antolatu du Sorgintxulo aisialdi taldearen gidaritzapean. Meakaur aterpetxea Bizkaiko Morga herrian aurkitzen da, Busturialdea bailaran. Etxea era guztietako taldeentzat prestatuta dago eta naturaz gozatzeko leku aproposa da.
Irteera apirilaren 11tik 13ra izango da, asteartetik ostegunera, eta DBHko ikasleentzat apropos prestatutako irteera da. Irteeraren helburu nagusia, Sorgintxulok uztailean antolatuko duen kanpaldian parte hartu nahi duten gazteak eta Sorgintxuloko begiraleak elkar ezagutzea da.
Izen-ematea datorren ostiralean, martxoaren 10ean egin beharko da, arratsaldeko 17.30etik 19.30era, Sorgintxulo taldeak duen lokalean (Itxaropen auzoa, 5, behea-esk.). Izen-ematea egiteko ezinbestekoa izango da honako dokumentazioa eramatea:
- Gurasoen baimena sinatuta (esku-programan agertzen dena)
- NANaren fotokopia
- Osakidetzako txartelaren fotokopia
- 50 euro
Gazte bakoitzak bere izen-ematea eta beste batena egin ditzake.
Plaza kopurua: 40.
Gehiagok izena ematen badute, zozketa egingo da: martxoaren 16an, osteguna, 18.30ean Kultur etxean.
Irteera hau “haur eta gaztetxoen aisialdian euskararen erabilera bultzatzeko programa”-ren barruan kokatzen da, udal Gazteria, Hezkuntza eta Euskara zerbitzuek antolatzen dutena.
Informazio gehiago esku-programan