Legazpik Euskadi Lagunkoia sarean hartzen du parte. Gaur egun, 74 euskal udalerrik osatzen dute sare hori; horietatik 26 Gipuzkoakoak dira, 29 Bizkaikoak eta 19 Arabakoak.
2022ko azaroan, Gipuzkoako Lurralde Batzordea egin zen Legazpin eta bertan izan zen Marian Olabarrieta, Eusko Jaurlaritzako Gizarte Zerbitzu, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako zuzendaria. Batzorde horretan, Euskadi Lagunkoiari atxikitako Gipuzkoako udalerriek 6 erronka proposatu genituen 2023an lantzeko: bakardadea, parte-hartzea, etxebizitzak eta egoitzak, adinagatiko diskriminazioa, sareko lana eta belaunaldien artekotasuna.
Bizkaiko eta Arabako Lurralde Batzordeetan egindako proposamenak jaso ondoren, 2023an lantzeko hautatutako erronka honakoa izan da: “Parte-hartze soziala eta herritartasun aktiboa sustatzea”.
Horretarako, Euskadi Lagunkoiak talde tekniko baten laguntza eskaintzen du. Talde horrek laguntza eta aholkularitza emango die udalerri bakoitzeko talde eragileei.
Talde tekniko hori Legazpira etorriko da ostiralean, otsailaren 10ean, 9:30ean, Kultur Etxera.
Gizarte-zerbitzuekin zerikusia duten gaiak lantzen dituzten Legazpiko elkarte guztiak daude gonidatuta bilerara, bai eta gure udalerriko lagunkoitasun-maila hobetzen lagundu nahi duten legazpiarrak ere.