Esaera zaharrak bizitzako gaiei buruzko balioak transmititzen dituzten esaldiak dira, belaunaldiz belaunaldi ahoz transmititzen direnak.
Aurten esaera zaharrei eman diegu lekua urteko egutegian, euskarazko esaera zaharrei. Eta horiei lotuta, Legazpiko Bertso Olariak bertso eskolako partaideek, bertsoa osatuko digute hilabetez hilabete. Urtarrileko esaerak hauxe dio:
Osasuna, munduko ONDASUNA
Eta horren inguruan osatu du Nekane Gonzalez Gerrikok, Bertso Eskolako bertsolariak, hilabeteko bertsoa:
Txaleta kostaldean
eraztun, koilare,
Aston Martin, Ferrari
luxuzko aldare.
Ametsak, amets, baina
onartu halere,
guztiak sobran daude
osasunik gabe.
Arrazoia galanta! Osasunik gabe ezertaz gozatzerik ez baitago, munduko luxurik handienak izanda ere.
Bide batez, bertsogintzaren inguruko azalpen txiki bat ere emango digute bertsolariek, eta hilabete honetakoan, Nekane, bertsoa egiterakoan erabilitako neurriaz aritu da: Zortziko txikian egin du bertsoa, 8 lerroko bertsoa, 7 eta 6 silabatako lerroekin 4 puntu osatuta. Eta puntuaren bukaeran erabilitako hitzak edo oinak dira, errima dutenak: koilare / aldare / halere / gabe.
Lan bikaina egin du Nekanek, horren hitz gutxitan, esaera zaharraren mezua azaldu eta doinuan sartuta.
Ondorengo estekan, Nekanekosatu duen bertsoa duzue:
Entzun Urtarrileko Bertsoa: