Legazpi herri solidarioa dela argi utzi duen kanpaina berriro martxan izango da apirilean
Udaleko Gizarte Zerbitzuen Sailak, Nagusilanek eta Garaguneko kideek elkarlanean gauzatutako "Elkartasun Saskia" ekimenari esker, hilero-hilero egiten da janari banaketa herrian premia handiena duten familien artean. Horretarako herritarrek produktuak utzi izan dituzte Laubideko zein Kale Nagusiko Eroski, BM eta Todo-Todo saltokietan.
Azken boladan, gainera, Hare Haizea taldeko kideek jaso dituzte legazpiarrek borondatez utzitako elikagaiak, Saharan premian daudenei helarazteko.
Orain, baina, ekimenak etena egingo duela iragarri dute antolatzaileek, izakin kopuru handia dutelako bilduta. Urtarrilaren 23an egin zuten azken bilketa. Eta aurreikusita dutenez, apirilean jarriko dute berriro martxan kanpaina. Nolanahi ere den, familiek ez dute etenik sumatuko, eurek hilero-hilero jarraituko baitute elikagaien saskia jasotzen.
Bi helburu nagusi ditu ekimen honek: legazpiarren artean elkartasuna sustatzea, batetik; eta premian dauden familiei laguntza ematea, bestetik. "Argi dago legazpiarrak ezin hobeto ari direla betetzen aipatutako helburu horiek, eta Legazpi herri solidarioa dela erakutsi dute. Antolatzaileon izenean, eskerrik asko guztioi!", adierazi dute.