pulse aquí para ir al facebook del Ayuntamiento de Legazpi pulse aquí para ir al twitter del Ayuntamiento de Legazpi pulse aquí para ir a Youtube del Ayuntamiento de Legazpi pulse aquí para ir al flickr del Ayuntamiento de Legazpi pulse aquí para ir al instagram del Ayuntamiento de Legazpi

Udalak aurreneko bizikleta elektrikoa erosi du
09
Urt
2015

Udalak aurreneko bizikleta elektrikoa erosi du

Langileek autoa gutxiago erabil dezaten

6 hilabeteko probaldiaren ondoren erabaki du erostea, eta 1.019 €-ko kostua izan du
 
Legazpiko Udalak sei hilabetean proban eduki du bizikleta elektrikoa udaletxean, sail guztietako langileek eta zinegotziek era bateko zein besteko kudeaketak egiteko erabil zezaten. Erabilera ona izan duela ikusita, Udalak horrelako bizikleta bat erostea erabaki du, 1.019 €-ren truke. 
 
Erosketa honen helburua da udaletxeko langileek zein zinegotziek obrak ikusi edo bestelako kudeaketa lan batzuk egin behar dituztenean, bizikleta hau erabiltzea, eta autoa bazter uztea. Izan ere, Agenda 21eko plangintzaren barruan  eta mugikortasun iraunkorra bultzatzeko asmoz, eguneroko joan-etorrietan bizikletaren erabilera sustatzeko hainbat ekintza antolatzen ditu Udalak urtero-urtero: bizikleta martxa, bidegorriak era egokian erabiltzeko kanpaina…
 
Ekintza horietako batzuk, dena den, eskualde mailan antolatzen ditu; alegia, Uggasarekin eta Zumarragako, Urretxuko zein Ezkio-Itsasoko udalekin batera: hala nola bizikletaren eta trenaren arteko intermodalitatea bultzatzeko jardunaldia, herritarrei hainbat bizikleta mota (tartean elektrikoa) probatzeko aukera ematea, bizikletaren oinarrizko mantentze lanei buruzko tailerrak, bizikletaz ibiltzen ikasteko helduei zuzendutako ikastaroa, bizikletaz ibiltzen diren pertsonei saria ematea... Bizikletaren erabilera sustatzeko prozesu horretan, Urretxuko Godoy Bike & Ride dendak bizikleta elektriko bat utzi zien eskualdeko udaletxeei, proba zezaten.
 
Bizkorra, isila eta ekologikoa
Bizikleta elektrikoa bizkorra, isila, ekologikoa, osasungarria eta eraginkorra da.
 
Oinarri-oinarrian, bizikleta arrunt bat da, baina motor elektriko bat eta bateria ditu erantsita. Motorra, zehazki, atzeko gurpilean txertatuta egon ohi da, bizikletari indarra emateko. Entxufe arrunt batean kargatutako bateria batetik jasotzen du energia; sakelako telefono bat kargatuko bagenu bezalaxe. Indarrean dagoen legediarekin bat etorrita, bizikleta elektrikoak ezin du 25 km/h baino bizkorrago joan, eta potentziak 250W baino txikiagoa izan behar du. Pedalei emateari utziz gero, motorra geratu egiten da.
Bizikleta elektrikoa bizikleta arrunt bat bezala erabil liteke, eta aldaparen batera iristean, motorra piztu. Gehienez ere 50 km-ko autonomia ematen dion litiozko bateria dauka.

Albiste guztiak