Merkataritzan eta ostalaritzan euskararen erabilera agerian jarri nahi duen lehiaketa.
Urola Garaiko Merkataritzako Euskara Planaren barruan, Euskararen Paparazziak lehiaketa antolatu dute.
Parte hartzaileek saltokietan ikusgai eta euskaraz dauden errotuluei, kartelei edo bestelako idatziei argazkiak atera behar dizkiete.
Lehiaketa honen helburua merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu establezimenduetan euskararen erabilera handitzeko hizkuntza paisaiak duen garrantzia azpimarratzea da.
Parte hartzaileek saltokietan ikusgai eta euskaraz dauden errotuluei, kartelei edo bestelako idatziei argazkiak atera behar dizkiete. Ondoren, WhatsApp-ez edo postaz bidali behar dituzte,
628 75 99 48 telefono zenbakira edo Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko. helbide elektronikora. Egileak, argazkiarekin batera, honako informazio hau igorri behar du: izen-abizenak eta argazkia zein herritan eta establezimendutan egin duen. Lehiaketan parte hartzeko ez da adin, ez bestelako mugarik izango, gehienez bost argazki aurkezteko muga baino ez. Argazkiak azaroaren 18a baino lehen bidali behar dira.
Euskara eta merkataritza edo ostalaritza hobekien uztartzen dituzten argazkien artean zozketa egin eta 100 euroko hamabost sari banatuko dira. Sariak azaroaren 30ean banatuko dira. Sariduna 16 urtetik beherako pertsona bada, saria saridunaren guraso edo legezko tutore batek hartu beharko du. Irabazleek urtarrilaren 7a baino lehen gastatu beharko dute irabazitako txartela.
Antolatzaileek jasotako argazkiak Internet bidez zabaldu edo Merkataritzako Euskara Planeko bestelako ekimenetarako erabili ahal izango dituzte. Erabiliz gero, egilea nor den adieraziko dute.