Maiatzeko gaikako bilketaren tasa % 79ra igo da
Sasieta Mankomunitateak http://www.sasieta.eus web orrian argitaratu dituen datuen arabera, Legazpin % 79koa izan da maiatzeko gaikako bilketa-tasa.
Sasieta Mankomunitatean hondakinen gaikako bilketaren batez besteko tasa totala % 74koa izan zen 2017an eta Legazpin % 77,3koa izan zen tasa hori. Beraz, 1.700 biztanle baino gehiago duten herrietatik hondakinen gaikako bilketa-tasa hoberena duen herria gara.
2017an Sasieta Mankomunitateak hobetu egin du udalerri bakoitzak sortutako hondakinen korronteen kuantifikazioa, hiru zatiki berri sartuz: tamaina handiko hondakin birziklagarriak, tamaina handiko hondakin ez birziklagarriak eta inausketako eta lorazaintzako hondakinak. Azkeneko horiek oraindik ez dira Sasietako datuetan sartu.
2016ko eta 2017ko maiatzera arte Legazpin bildutako hondakinak alderatzen baditugu, pozik ikusten dugu 29.000 kilo hondakin gutxiago sortu dugula.
Datuak zehatzago aztertuz gero hona hemen emaitzak: 2.500 kilo errefusa gehiago sortu dugu, 5.400 kilo ontzi gehiago, 1.170 kilo arropa gehiago eta 53 kilo pila gehiago; aldiz, 22.400 kilo hondakin organiko gutxiago sortu dugu, 15.000 kilo paper gutxiago, 930 kilo beira gutxiago eta 100 kilo olio gutxiago.
Berri onak dira eta horrek garbi adierazten du, beste behin ere, Legazpiren konpromiso tinkoa birziklatzearekin. Datu horiek gure udalerrietan hondakinak behar bezala bereizten jarraitzera animatu behar gaituzte.