Apirilaren 26tik aurrera
Joan den apirilaren 26an Plazaolako haur parke estali berria ireki zen eta haur legazpiarrek bertan jolasteko eta ondo pasatzeko aukera dute dagoeneko. Gure udalerrian horrelako ezaugarriak dituen lehenengo parkea da eta helburua haur txikienek gurean hain ohikoak diren euri egunetan ere jolasteko aukera izan dezatela da.
Obrak urtarrilaren 24an hasi ziren eta hasiera batean aste santurako bukatzea aurreikusita bazegoen ere, pare bat aste atzeratu zen lanen amaiera. Alde batetik, hornitzaile bat atzeratu egin zelako bere betebeharrean eta, bestetik, proiektuan jaso ez zen geruza gehigarria jarri behar izan zelako, ur jauziak zuzentzeko.
Bere egunean jakinarazi zenaren arabera, jolas eremua estali egin da, horretarako egitura bat eta olana jarriz. Egiturak, modu berean, led argiak ditu.
Jolasei dagokienez, haiek aukeratzeko parte hartze sistema bat gauzatu zen, hiru esparru desberdinetan.
Batetik, Domingo Agirre eta Haztegi ikastetxeetako 5 eta 7 urte bitarteko ikasleek 4 aukeren artean egokienaren aldeko botoa eman zuten; halaber, 0 eta 7 urte bitarteko haurren gurasoek ere aukera egokienaren aldeko botoa eman zuten. Azkenik, herritar guztiek izan zuten botoa emateko aukera.
Nabarmenki boto gehien jaso zituen aukera “gaztelua” izeneko jolas parkea izan zen.
DRAGOIA:1341
ZOO:1144
GAZTELUA:2016
PITUFOAK:1132