Diagnostikoa osatzeko asmoz, hurrengo asteetan elkarrizketak egingo dituzte bai kalean bai telefonoz.
Legazpiko Udala Merkataritza biziberritzeko udal Plan Berezi berria lantzen hasi da.
Horretarako, alde batetik, Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailarendiru-laguntza jasoko du eta, bestetik, Ilinti elkartearen laguntza aktiboa izango du.
Merkataritzako, ostalaritzako eta zerbitzuetako kalitatezko sektorea izateak bizi kalitatea eta herri-bizitasuna ematen dio Legazpi herriari. Aldi berean, gertutasunezko zerbitzu eta aukera komertzial zabala izateak jendea Legazpin kontsumitzera bultzatzen du, herriko bizitza indartuz eta erakargarriagoa eginez.
Azken urteetan sektorea etengabeko aldaketa fase bat bizitzen ari da, merkaturatzeko moduak eta kontsumitzeko ohiturak ere aldatu egin direlako; horrela, gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari dira Internet bidezko erosketak, erosketak hiriburuetan egiteko ohitura, kostu txikiko (low cost) salmentak… Guzti horrekin, ezinbestekoa da sektorea berrantolatzea eta lehiatzeko hobekuntzak bilatzea.
Hori hala izanik, Udalak PERCO LEGAZPI 2017 jarri du martxan. Horretarako datozen hilabeteetan Legazpiko herritarren nahiz merkataritzako eta ostalaritzako sektoreetako eragileen iritzia aztertuko da.
Prozesu honetan jasoko diren emaitza eta ondorioak ekintza-lerro zehatzetan gauzatuko dira, datorren urteetan sektorearen arlo urbanistiko eta lehiakorrean garatzen joango direnak. Azkenean, Ekintza Plan bat gauzatuko da, udalerriko eskaintza eta merkataritzako, ostalaritzako eta zerbitzuetako eremua hobetzea eta modernizatzea ahalbidetuko duena. Aldi berean, aipatu Planak behar bezala erantzun ahalko die egungo gizartearen beharrei eta kontsumo-ohiturei.
Proiektua garatzeko, legazpiarren, merkatarien eta ostalarien laguntza eskatu nahi du Udalak. Era berean datozen hilabeteetan garatuko diren ekintza desberdinetan (telefono bidezko inkestak, kale-inkestak, elkarrizketak, sektoreko lan-taldeak…) parte hartzera gonbidatzen ditu guztiak. Lan hori Ikertpartners enpresak egingo du.