Kafe-kapsulen hondakinak berrerabili dituzte Herritarrentzako Arreta Zerbitzu berriko sarreran ikus daitekeen Gabonetako zuhaitza egiteko.
Garaguneko erabiltzaileek kafe-kapsulen hondakinak berrerabiltzea pentsatu dute Gabonetako zuhaitz ederra egiteko. Hondakinak berrerabiltzearen gaineko irakasgai bikaina ematen digute urtero eta gure etxeetan sortzen ditugun hondakinekin zer egin daitekeen erakutsi digute beste behin ere.
Garaguneko erabiltzaileen ekimen berri hau joan den abuztuan hasi zen gauzatzen, herritarrei dei egin zietenean kafe-kapsulen hondakinak gorde eta biltzeko. Haien asmoa Gabonetako zuhaitz bat egiteko adina kapsula jasotzea zen eta legazpiarren laguntzarekin asmo zena egi bihurtu dute.
Herritarren erantzuna ezin hobea izan da eta Gabonetako zuhaitz bat baino gehiago egiteko adina kapsula jaso dituzte; beraz, lanean jarraituko dute eta Gabonetako zuhaitz gehiago egingo dituzte.
Gabonetako zuhaitza egiteko, lehenbizi kapsula guztiak banan-banan garbitu behar izan dituzte eta ondoren lehortu. Hori egin eta gero, kartoizko oinarriak erabili dituzte horien gainean kapsulak itsasten joateko. Azkenik, kartoizko oinarri bakoitza bata bestearen gainean jarri dute, Gabonetako zuhaitz koloretsu eta ikusgarria sortuz.
Lerro hauen bidez eskerrak eman nahi dizkiegu Garaguneko erabiltzaileei, aurten ere harritu egin baikaituzte haien Gabonetako diseinu jasangarri eta ederrekin.