Aurreikusitako ekitaldiak hilabete honetan bertan hasiko dira eta urte osoan zehar egingo dira, 2025eko martxoan jaialdi handi batekin amaitzeko. Aurreikusitako jarduerak askotarikoak dira, eta publiko orori zuzenduta daude:
- haurrak Chillidaren artelanetara hurbildu ahal izango dira eta, bide batez, Chillida Lantokian hilero antolatuko diren arte tailerren bidez haiek ere artista bihurtuko dira.
- maiatzean, Ilinti elkarteko merkatariek erakusleihoak apainduko dituzte legazpiarren artean Chillidaren lana zabaltzeko. Hilabete horretan bertan, Santikutz jaietan, karroza batek omenaldia egingo dio artistari.
- irailean, zinemazaleenek Eduardori buruzko zinema-ziklo bat ikusi ahal izango dute.
Eta horrela, beste horrenbeste ekitaldi ere izango dira, legazpiarrak Eduardo Chillidaren obra artistikora hurbiltzeko eta artistak Legazpirekin zuen harreman estua munduari erakusteko.
Programa hori jarduera eta ekitaldi berriekin osatuko da, eta, horien artean, ziur asko, ezusteko bat baino gehiago izango da.