Adin txikikoek euren ardura aitortua duen adin nagusiko bat izan beharko dute autobusean, eta gurasoen baimen ofiziala eraman beharko dute.
Martxoaren 24an iritsiko da 23. Korrika Baionara, eta bertara joateko autobusa antolatu dute Legazpiko eta Urretxu-Zumarragako Korrika Batzordeek. Autobusa goizeko 8:45ean irtengo da Legazpiko Saturnino Telleria kaleko biribilgunetik, 9:00etan Urretxu-Zumarragako geltokitik eta itzulerarako autobusa 19:00etan irtengo da etxerantz Baionan. Autobuserako txartelak 5 euroan egongo dira salgai, martxoaren 15era bitartean, herri bakoitzeko kultur etxeetan. Txartela eskuratzerakoan, izen-abizenak, telefonoa eta e-posta helbidea ere jasoko dituzte. Autobus bat beteko balitz, bigarren baterako itxaron zerrenda osatuko litzateke, eta gutxieneko kopuru bat balego, bigarren autobusa antolatzea aztertuko lukete.
Adin txikikoen kasuan, estatu batetik besterako bidaia denez, hainbat baldintza bete beharko dituzte:
a) autobusa baliatu ahal izateko, autobusean joango den adin nagusiko bat izan beharko dute ezinbestean euren arduradun. Adin txikikoa eta haren gurasoa(k)/tutorea(k) arduratu beharko dira adin nagusiko arduraduna aurkitzeaz eta harekin erantzukizuna adosteaz.
b) Ezinbestekoa izango da adin txikikoak atzerrira irteteko guraso(ar)en/tutore(ar)en baimen ofiziala egitea. Inprimakia gurasoek/tutoreek (guztiek, bat baino gehiago diren kasuetan) sinatu beharko dute, eta Ertzaintzan izapidetu beharko da, aurrez aurre edo egoitza elektronikoaren (labur.eus/Ptslw). Baimenean zehaztuta geratuko da autobusean doan adin txikikoaren arduraduna nor izango den.
c) Autobuserako txartela erosteko orduan ez, baina autobusera igo ahal izateko agiria izan eta aurkeztu beharko dute, ardura beregain hartu duen adin nagusikoarekin batera.
d) Adin txikikoaren erantzukizuna baimenean agertzen den adin nagusikoarena izango da, eta ez tokian tokiko Korrika Batzordearena.
e) Behin txartela erosita, ez da dirua itzuliko.
Korrika Baionara sartzerako, bertan izango dira autobusean joango diren kideak eta bertan festa egitarau beteaz gozatzeko aukera izango dute.